Iazko etenaren ostean, umeen artean triatloia ezagutarazi asmo duen Antxintxika Triatloi Txikiaren bederatzigarren aldia egin dute gaur goizean Agorrosinen. 90 neska-mutiko inguruk hartu dute parte ekitaldian banaka, binaka zein hirunaka.
Lehenengo, Atxintxika taldeko kide Eneritz Urrutiaren azalpenak entzun dituzte eta gero, Agorrosingo igerilekuan igerian; herriko kaleetan bizikletaren gainean; eta Agorrosingo futbol zelaiko atletismo pistan lasterka ibili dira. Azken hori aurten berreskuratu dute, beste urte batzuetan kalean ibili behar izan direlako korrika. Hiru maila egon dira denera: benjaminak (HH 3-4), alebinak (HH 5-6) eta infantilak (DBH 1-2). Eta maila bakoitzaren arabera, lan gogorragoak edo errazagoak egin behar izan dituzte.
Aurten gainera, egon da nobedaderik, ez dutelako podiumik jarri. Horren partez, parte-hartzaile guztiek domina bat eroan dute etxera. "Podium gabe egitea zerbait positiboa dela uste dugu, asmoa delako triatloia zer den erakustea, ez lehiakortasuna sustatzea", azpimarratu du Eneritz Urrutik, eta goizak emandakoaren pozik agertu da: "Aurreko urtean ezin izan genuela egin ikusita, oso ondo joan da eta gurasoek ere lagundu dute horretan". 20 lagun inguru ibili dira antolakuntza taldean dena on do irten zedin.