"Benetan hunkituta", Korrontzi eta Oinkarirekin dantzatu eta gero

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 7a

Moises Azpiazu taldeko kideak Mundua dantzan ikuskizuneko partaide izan ziren atzo, Seminarixoan. "Bizitzan behin pasatzen den esperientzia aparta" izan dela azpimarratu du biharamunean Maite Lazkano dantzariak. 

Korrontzi musika taldeak hamar urteko ibilbidea ospatzen dihardu plazaz plaza, Mundua dantzan ikuskizuna taularatuta. Oinkari dantza konpainiak janzten ditu emanaldiak, baita herrietako dantza taldeek ere. Hori horrela, atzo, Seminarixoan, Moises Azpiazu taldeko dantzariek izan zuten maila handiko musikari eta dantzari horiekin oholtza partekatzeko plazera, tartean, Maite Lazkanok.

Zorte handia izan dutela adierazi du, kolaboraziorako aukera nola sortu zen gogoratzerakoan: "Aspalditik ezagutzen ginen Izaskun Iturri koreografoa eta biok, eta aurreko batean kasualitatez egin genuen topo. Komentatu zidan Mundua dantzan ikuskizuna prestatzen zebiltzala eta ea Bergarako dantzariok emanaldi batean parte hartzeko prest egongo ginatekeen; berehala erantzun nion baietz!". 

Atzoko ekitaldiak "hitz barik" utzi dituela gaineratu du: "Taldeak sari handiak lortu izan ditu txapelketetan, baina Korrontziren proposamenaren parte izatea beste gauza bat da, oso-oso berezia. Ez dut halako saririk inoiz jaso. Gainera, nire taldekideek ahalegin berezia egin dute balsa dantzatzeko, gure ohiko erregistrotik kanpo dagoen estiloa delako, euskal dantzen beste muturrean. Niregatik egin dute, eta oso ondo atera da; dena aldeko izan dugu!".

Otsailean, mila dantzarirekin

Duela bi urte aritu ziren Korrontzirekin dantzan estreinakoz, eta atzokoa ez da azken aldia izango. Moises Azpiazuko kideak 2027ko otsailaren 13an BECen egingo den makro-jaialdian izango baitira, beste ehun dantza konpainiarekin batera. Orduantxe bukatuko da Musika dantzan aurkezpen bira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak