Atzo, zapatua, jokatu zuten 2026ko Semi Cup txapelketa, Seminarixoko patioan. Aurtengo lehiaketan izena eman zuten hamasei taldeetatik Txikiteo Fuerte taldea izan zen onena. 3-1 irabazi zion finala bigarren postuan gelditu zen ASAP Crew taldeari. Hirugarren postua berriz, BSC taldearentzat izan zen. Antolakuntzako kideek Los Gulita taldeari eman zioten talde sorpresaren saria, txapelketan sorpresa handiena eman zuen taldea zelakoan.
Banakako sariak ere banatu zituzten. Xabier Azkargorta izan zen gol gehien sartu zituen jokalaria, eta atezain onenaren saria berriz Mikel Azkaraerentzat izan zen. Gol onenaren saria Beñat Loidiri eman zioten, eta jokalari mozkorrenaren saria Peio Otañori. Azkenik, jokalari onenaren saria Mikel Molinari ematea erabaki zuten antolakuntzako kideek.
Aitortza Andoni Bretañari
Antolakuntza taldeko kide Andoni Bretaña omendu zuten honekin batera Semi Cup txapelketa antolatzen ibiltzen diren gainontzeko kideek. Bretaña jokalari bereziaren saria ematera zihoala, honi mikrofonoa kendu, eta aurten sari hori berarentzat izango zela iragarri zuten antolakuntzako beste kideek, txapelketa antolatzeko urte guzti hauetan egindako lanarengatik.
Pozik eta hunkituta agertu zen Bretaña: "Oso pozik nago saria jaso izanarekin, ilusio handia egin dit. Azkenean horrelako txapelketa bat antolatzeak denbora eta lana suposatzen du, eta eskertzen da antolakuntzako gainontzeko kideek egindako lan hori modu honetan baloratu izana".
Balorazio positiboa
Txapelketaren balorazio positiboa egin zuen Bretañak: "Txapelketa oso ondo joan da. Orokorrean dena joan da ondo, eta esango nuke jendea pozik gelditu dela. Giro polita egon da, jokaleku barruan zein kanpoan, eta eguraldiak egun osoan zehar lagundu digu. Ikustera ere jende ugari bertaratu da, beraz, oso pozik gaude".
Bide horretatik, eskertuta agertu zen bergararrek urtez urte txapelketari egiten dioten harrerarekin: "Herrian txapelketak beti du harrera ona. Data askotan aldatu izan dugu, eta jendeak berdin-berdin ematen du izena".