Adunaren aurka jokatuko ditu Bergarak Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiak

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 6a

Atzo jokatu zuen Bergarak Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetako itzulia, Eibarren aurka, eta 2-1 irabazi zuen Debagoieneko taldeak. Aduna izango dute aurkari finalerdietan, hurrengo egubakoitzean, 18:30ean.

Aurreko asteko joanekoan 3-0 irabazita, Bergarako taldeak guztia zuen alde Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdietara igotzeko, eta atzoko itzulikoan horrela zela baieztatu zuen, Eibarko taldeari 2-1 irabazita.

Balorazio positiboa

Final laurdenetako itzuliaren balorazioa "nahiko ona" dela azaldu du BKEko pilota saileko arduradun Julen Aranburuk. Kadetetan, Fernandez eta Olanok osatutako bikotea 22-17 gailendu zen: "Nahiko partida ona egin dugu, baina egia da bigarren zatian nahiko gogortu dela". Gazte mailan berriz, Contrerasek eta Etxabek "oso erraz irabazi" zutela azaldu du Aranburuk, 22-6ko emaitzarekin amaitu ostean.

Nagusien partidan heldu ziren buruhausteak Bergarako taldearendako. "Nagusietan partida ez dugu ondo hasi, aurrelariak pilota ugari galdu ditu, eta gainera, 4-11rekin lesio bat nabaritu du. Lesio hori dela eta, partida bertan behera geratu da", adierazi du BKEko pilota saileko arduradunak. Horrenbestez, 4-22ko emaitzarekin amaitu zuten partida Ormaetxeak eta Etxanizek. 

Hurrengo astean, etxean

Eibarko taldeari, osotara, 5-1 irabazita eskuratu du Herriarteko Pilota Txapelketako  finalerdietarako txartela Bergarako taldeak. Aduna taldea izango du aurkari gisa, eta hurrengo egubakoitzean, 18:30ean jokatuko dute, Bergaran. Orain, partidarako prestakuntza lanetan murgilduko da taldea: "Ea astean zehar partida ondo prestatzen dugun eta guztia ondo doan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak