Hamar urte inguru daramatzate Pentekosteetako tiro txapelketa Eibarren jokatzen, Elosun jokatzea debekatu zutenetik, alegia. Tiro al vuelo elkarteak Arraten daukan instalazioetara 70 lagun inguru bertaratu dira aurten, Bergarakoak eta beste hainbat herritakoak. Izan ere, herri mailako txapelketarekin batera, beste txapelketa orokorrago bat jokatzeko ere baliatu zuten maiatzaren 25eko hitzordua.
Goizean plater tiroketan neurtu zituzten indarrak, eta Bergara mailako irabazleak Asier Lamikiz eta Jose Mari Gisasola izan ziren. Arratsaldean, uso tiroketa probetan murgildu ziren; lehenengo proban sei lagunek egin zuten aurrera, tartean, bi bergararrek. Bigarren probako emaitzak kontuan hartuta, Iban Igartua eta Julen Belategi izan ziren irabazleak.
Oilagorra-Ariznoa elkarteko kide den Igartuak eskerrak eman dizkie antolatzaile eta babesleei, txapelketan egitea ahalbidetzeagatik. Gehitu du irailean ehiza txikiko txapelketa jokatuko dutela Arabako Zanbrana herrian. 2022an irabazitako txapela berriz eskuratzeko helburuarekin joango da Igartua Zanbranara.