Garai batean Labegaraietan jokatzen zen urte osoko txapelketan geroz eta jende gutxiago izaten zela ikusita sortu zen Semi Cup; Bergarako erdigunera ekarrita eta egun bakarreko torneo gisa, jende gehiago erakarri zezakeelakoan. Formatu horrek bere fruituak eman zituen, eta, parte hartzera animatzen den talde kopurua aldakorra den arren, gaur egunera arte iraun du topaketak. Hasierako helburu horiek, ordea, gaur egun ez dira berberak. "Helburu nagusia da uda partean herriko jendea entretenitzeko balio duen aisialdi eta kirol ekintza izatea", esan du antolakuntzako Andoni Bretañak.
Txapeldunen Ligako formatua
Hamasei taldeko multzo bat egongo da; talde bakoitzak bost partida jokatuko ditu
Hamasei taldek eman dute izena; honako hauek: Los Gulita, San Lokal, Litxar, TNL, Txikiteo Fuerte, ASAP Crew, LH Artaldea, La Roslineta, Los de Siempre, LDS, BPP, BSC, Aurelio eta Pottokiak AC, HIS, LOK Team eta Berria Bezala. "Egia esan, oso pozik gaude talde kopuruarekin; 130 pertsona inguru ariko dira. Iazkoa hamargarren edizioa izan zen eta hamaika talde bakarrik izan genituen txapelketa mistoan. Hala ere, nesken lau talde ere aritu ziren, eta aurten ez da bakar bat ere irten", adierazi du Bretañak. Txapelketa mistoan ariko diren hamasei talde horiek multzo berean ariko dira, Txapeldunen Ligako azken urteetako formatu berean. Talde bakoitzak bost partida jokatuko ditu, eta sei talde onenak zuzenean sailkatuko dira kanporaketetarako; zazpigarrenetik hamargarrenera sailkatzen direnek, berriz, play-off-a jokatuko dute, eta hortik aterako dira final laurdenak jokatuko dituzten beste bi taldeak.
Kanporaketak 17:30ean hasiko dira, final laurdenak, final erdiak eta finala jokatuko dira, eta sari-banaketa 19:45ean izango da.
Areto futbola baino gehiago
Hamargarren edizioko berrikuntzak mantenduz, txapelketatik harago doan egitaraua prestatu dute. Goizean artisau azoka txiki bat egongo da: Lili, Ushuese, Gure Gune eta Nirart egongo dira. Eguerdian, multzokako fasea amaitutakoan, pintxo-pote musikatua egingo dute, eta, sari-banaketaren ostean, Nebar eta DJ Daritzekin amaituko dute eguna. "Iazko berrikuntza da artisau azoka jartzearena. Gure herriko saltzaileek belarritakoak, poltsak eta bestelakoak saltzeko gune bat izatea ideia ona iruditu zitzaigun. Gainera, herritarrak etortzea nahi dugu, eta horrelakoek jendea erakartzen dute", esan du Bretañak. Azkenik, haren nahia "ondo pasatzea" eta, ahal bada, "inor ez lesionatzea" dela gaineratu du antolakuntzako kideak.
Neska futbolarien topaketa bihar
Semi Cup txapelketa ez da biharko futbol hitzordu bakarra izango. Bergara Kirol Elkarteko futbol sailak neska futbolarien topaketa antolatu du biharko, Agorrosinen. 10:00etan hasiko dute eguna, 2012-2018 artean jaiotakoendako prestatu duten entrenamendu saioarekin.
Ondoren, 11.30ean, Euskal Ligara igo berri den emakumezkoen senior taldeak lagun artekoa jokatuko du Gipuzkoako selekzioaren aurka. Azkenik, arratsaldean, eta eguna borobiltzeko, ospakizunetarako tartea hartuko dute Bergarako neskek. Frontoian 19:30ean hasita, herriko kaleetan zehar ibiliko dira, igoeraren ospakizunetan murgilduta.