Moises Azpiazu taldekoak, Korrontziren zuzeneko doinuekin dantzan, Seminarixoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko ekainaren 5a

Korrontzik eta Moises Azpiazu dantza taldeak 2024an egin zuten ikuskizuna.

Mundua dantzan ikuskizuna egingo dute bihar, zapatua, 20:00etan hasita. Seminarixoko leihatilan eta Seminarixoa.eus atarian daude eskuragarri sarrerak.

Orain dela hamar urte abiatu zuen Korrontzi musika taldeak, Euskal Herriko herri askotan zehar, Korrontzi dantzan ikuskizun "arrakastatsua"; bada, hamargarren urteurrena ospatzeko, Mundua dantzan ikuskizuna sortu dute. "Apirilean estreinatu genuen, Bilbon, Euskal Herriko zein kanpoko 50 herritan egingo dugun ikuskizun hori, eta Barakaldon, BECn, otsailaren 13an borobilduko dugu bira, 100 dantza-talde gonbidatuta egingo dugun emanaldi erraldoiarekin", azaldu du Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek. Tokian tokiko dantza-taldeekin elkarlanean izango dira taularen gainean, eta bihar, zapatua, Bergarako Seminarixoan 20:00etan egingo duten emanaldian Bergarako Moises Azpiazu dantza-taldea izango dute lagun. "Sekulako esperientzia ederra izan zen Korrontzi dantzan ikuskizunean parte hartzea, dantzariontzako luxua da kontzertu bateko parte izatea; bada, ikuskizun berrirako proposamenari segituan eman genion baiezkoa", azaldu du Moises Azpiazu dantza-taldeko arduradun eta dantzari Maite Lazkanok. 

Dantza eta trikitia ardatz

Lau musikari izango dira Seminarixoko taularen gainean: Agus Barandiaran, trikitia eta ahotsa; Kike Mora, kontrabaxu-jolea eta baxu-jolea; Alberto Rodriguez, gitarrarekin eta mandolinarekin; eta Ander Hurtado, perkusioarekin. 20 urtetik gorako ibilbidean sortu dituzten kantu "ezagunekin" osatu dute errepertorioa. "Taldekideok gustukoen ditugun doinuak aukeratu ditugu, baina, betiere, dantzarien proposamenak jasota; hau da, dantzarako aproposenak direnak. Hain zuzen ere, ordu eta erdi irauten duen ikuskizunean denetarikoak entzungo dituzue", dio musikariak.

Oinkari dantza-taldea izaten du Korrontzik taularen gainean lagun, eta bihar ere talde horretako hamar lagun izango dira euren doinuekin dantzan, baina alboan izango dituzte Bergarako 29 dantzari beterano eta gazte. "Korrontzi taldeko koreografo Izaskun Iturri Agirrek lagunduta prestatu dugu emanaldia. Denetariko dantzak erakutsiko ditugu: gure taldearen ezaugarri diren fandangoak eta arin-arinak, tradizionalak eta modernoagoak; euskal dantza pausoekin sortutako pieza bereziak eta baita gure ohiko erregistrotik ateratzen den eta balsetik gertu dagoen pieza bat ere. Izugarrizko ilusioarekin egin dugu lan, eta deseatzen gaude jendaurrean erakusteko", gaineratu du Lazkanok.

Sarrerak, hamabost euroan

Seminarixoko leihatilan eta Seminarixoa.eus atarian daude eskuragarri sarrerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak