Colectivo de Peruanos en Euskal Herria elkarteak eta Angiolillo liburutegiak antolatuta, Qoyllur punchuchay. Ausangate el del poncho blanco izeneko antzerkia egongo da ikusgai zapatuan, 20:00etan, kartzela zaharrean. Sarrera zortzi eurotan egongo da eskuragarri; pertsona migranteentzat, lau eurotan.
Antzezlanak Peruko Awsanqati mendian egiten den Qoyllurit'i-rako erromesaldia eta Andeetako herriek urarekin duten lotura jorratzen ditu. "Andeetatik Bergarara Qoyllurit ‘i-aren antzinako jatorriari eta kitxuar herriek urarekin eta mendi sakratuekin duten harreman espiritualari buruzko itzal-antzerki bat iristen da", azaldu dute Colectivo de Peruanos en Euskal Herria elkarteko kideek. Q ‘inti aktore, narratzaile eta Andeetako erromesak sortutako Mashara Teatraren proposamena da lana.
Denboraldi amaiera ospatzen
Domekan, Angiolillo liburutegiaren denboraldi amaiera ospatuko dute. Horretarako, Boom Boom Kid Argentinako taldeak kontzertua joko du, 13:00etan. Sarrera zortzi euro da. Argentinako underground musika-eszenako talde beteranotako bat da Boom Boom Kid, eta punkez, hardcorez eta rockez beteko du kartzela zaharra.
Datorren astean ere bai
Datorren eguaztenean, hilak 10, Izen baten promesa liburua jorratuko du Kartzelako Irakurketa Taldeak, 18:30ean hasita. Liburuaren idazle Hedoi Etxarte bertan izango da.