Harria taldeak bigarren lana aurkeztuko du gaur Seminarixoan

Gontzal Belategi Zubia 2026ko ekainaren 5a

Harria taldearen emanaldi bat. (Argazkia: Seminarixoa)

Folk-rock doinuetara egin du salto Harria taldeak 'Hemen' izeneko disko berrian. Gaur aurkeztuko dute diskoa Seminarixoan, 20:00etan.

Aitor Aldanondo bergararrak gidatzen duen Harria taldeak Hemen diskoa aurkeztuko du gaur, 20:00etan, Seminarixoan. Sarrerak salgai daude, berriro ere martxan dagoen seminarixoa.eus atarian, zortzi eurotan.

Ekaitz Aranberri, Guille Sanz, Maitane Azkarate, Ander Elorza eta Adolfo Alcoce musikariak izango ditu ondoan Aldanondok, eta pozik dago diskoa herrian aurkezteko aukerarekin: "Bai, gogotsu gaude. Kontzertua Bergaran da, eta beti izaten da berezi samarra etxean jotzea". Hala ere, lasai daudela aitortu du Harriako kideak: "Egia da guztiok nahiko lasai gaudela".

Folk-rockerako saltoa

2022an aurkeztu zuten Harria izeneko lehen lana, baina bigarren diskorako estiloa aldatzea erabaki dute: folk-rock estiloa jorratu dute: "Hemen diskoa folk-rock estiloko disko bat da. Gitarra elektrikoak eta instrumentu akustikoak uztartuko zituen folk disko bat egin nahi genuen, eta horretan jarri ginen".

Gauza ezberdinak probatzea gustatzen zaiola dio Aldanondok, eta ez du baztertzen hirugarren lan bat egitekotan beste estilo batekoa egitea: "Suposatzen dut hurrengo diskoa ez dela hortik joango, eta beste zerbait egingo dugula. Egia esan, gauza ezberdinak egitea gustatzen zait".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak