Oskar Wilde idazlearen Erraldoi berekoia ipuinaren musikala taularatuko dute domekan, Seminarixoan, Bergarako Antzerki Musikala taldeak eta Bergarako Musika Eskolak. Bi emanaldi egingo dituzte, biak arratsaldean, 17:00etan eta 18:30ean, eta sarrera doan izango da. Marije Ugalde (Bergara, 1965) da zuzendaria.
Gogotsu zaude estreinaldirako?
Gogoa eta ilusioa ez dira falta. Beldur puntu bat ere badugu, nola ez. Horrelakoetan sentimendu asko elkartzen dira. Beti egongo da tentsio puntu bat, baina oso pozik gaude egindako lan guztiarekin.
Nolakoak izan dira entseguak?
Gabonen ostetik abesbatzetan musika entseatzen hasi ginen. Musika oso polita da, baina zailtasunak ditu. Iñigo Casalik oso ondo idazten du musika, baina ez da musika erraza izaten. Hasiberrien abesbatza, haurren abesbatza eta Antzuolako abesbatza ari dira horretan, eta, nor bere ordutegietan, lana osatzen duten hamabost kantuak lantzen ibili gara. Horiek landuta zeudenean eszenako entseguak egiten ibili gara, eta horrek entsegu estrak egin beharra ekarri du. Lan handia egin da.
"Beti egongo da tentsio puntu bat, baina oso pozik gaude egindako lan guztiarekin"
Zaila da hiru abesbatza koordinatzen ibili beharra?
Bai, elkarrekin abesten hastea zail samarra izan daiteke. Nork bere esparru eta ordutegiak ditu, baina gero, hori guztiori elkartu egin behar da, eta elkarrekin kantatu behar dute. Gazteenek ahots baten kantatzen dute eta nagusiagoek, bi ahotsetan. Hori guztiori uztartu egin behar da, eta horri, gainera, antzerkia eta dantza pixka bat gehitu.
Hiru abesbatza eta 50 ikasletik gora, beraiek nola bizi dute horrelako zerbaiten parte izatea?
Orokorrean ilusioz bizi dute. Askorentzat lehen musikala da eta arropa ezberdina janztea edo erraldoia eszenan ikustea bezalako kontuak zirraraz bizi dituzte. Gainera, elkarlanean egindako zerbait dela ikusi dute. Konturatu dira puzzle honetan guztiak garela ezinbestekoak, eta norbait falta denean nabaritu egiten dela. Adin ezberdinetako haurrak direnez, beraien artean laguntasun eta elkartasun bat sortu da, eta zaharrenak gazteenak zaintzeaz arduratzen dira. Horrelako proiektu baten atzean dagoen lanaz ere jabetu dira, eta domekan emaitza zein polita den ikusiko dute, dagoeneko honetaz jabetzen hasita dauden arren.

Zer ikusiko dute bergararrek?
Eszenara eramandako ipuin bat. Ipuin klasikoa da, eta, zoritxarrez, jorratzen duen gaia ere bai. Bullying-a du oinarri, eta umeei ere, hasieran, asko iristen zitzaien alderdi hori. Zati batzuetan gauza itsusiak esaten dituzte beste ume bati buruz, eta, horren eraginez, kantuan egiteko gogorik ez zuten tarteak ere izan dira, gogorra egiten zitzaielako. Ondo ikusten da zer gertatzen den norbaitek bullying-a jasaten duenean. Amaiera polita da, eta gizarteak eta haurrek bullying-aren gaiarekiko izan duten garapenaren isla da.
Nola sortu zen Erraldoi berekoia antzezlana egitearen ideia?
Nire seme-alabak musika-kanpamentu batera joaten ziren, non Iñigo Casali zen orkestra-zuzendaria, eta Casalik lan hura idatzi zuen bertan antzezteko. Gerora, kanpamenturako sortutako lana beste hainbat tokitan egin da, beti gazteleraz. Harreman estua dugu Casalirekin, eta gure azken ikuskizuna, Hamelingo txirularia, harekin egin genuen. Erraldoi berekoia egitearen ideia haren proposamenez heldu zitzaigun, berriro ere Bergarako Musika Eskolarekin jardun nahi zuelako. Guretzat ere lan aproposa zen. Gainera, aurreko urtean Irunen egin zuten antzezlana, eta Bergarako Antzerki Musikalari enkargatu zioten atrezzo guztia. Gauza asko elkartu dira: alde batetik, guk lanaren berri izatea; eta, bestetik, Bergara Antzerki Musikalak (BAM) Irungo Ametsa abesbatzarekin elkarlanean jardun izana. Jantziak haiek utzi dizkigute, BAMek egindakoak izan arren haienak direlako. Guk sarri egiten ditugu horrelako ipuinak, baina normalean errazagoak izaten dira. Oraingoan zerbait potenteagoa egitera ausartu gara. Gogoa, ilusioa eta gauzak egiteko grina elkartzen denean horrelako gauzak sortzen dira.
Lana euskaraz antzeztuko den lehen aldia da, gainera.
Inoiz ez dugu erdarazko antzezlanik egin. Kontua da euskaraz ez dagoela material askorik, eta beste hizkuntza batzuetatik itzuli izan ditugu lanak, eta hori Valen Moñuxek egin du. Alde horretatik, bereziki polita izan da Rosa eta Blanka Narbaizarekin izandako elkarlana. Ipuinean kantu-jolas batzuk daude, baina hemendik kanpokoak. Guk ez genituen horiek itzuli nahi, ez direlako gureak. Hor sartu dira Rosa eta Blanka. Hemen garai batean egiten ziren hainbat kanta-jolas zituzten bilduta, egun ia ez direnak mantentzen, eta lanaren musikan txertatu dituzte. Oso pozik gaude horrekin, oso lan polita egin dute.
"Guztiaren gainetik ilusioa jarri behar da, eta musika zein istorioa horren ederrak izateak asko laguntzen du"
Nolakoa da horrelako lan baten zuzendari lanak egitea?
Guztiaren gainetik ilusioa jarri behar da, eta musika zein istorioa horren ederrak izateak asko laguntzen du. Beti izaten dira zailtasunak; azkenean, ume txikiekin gabiltza lanean, eta lan hori neurtu beharra dago. Helduekin jardutea errazagoa da. Ordu asko sartu behar badira, ba sartu egiten dira, baina haurrekin ezin duzu hori egin, eta gauzak neurtuago eraman behar dituzu. Aldi berean, umeek jartzen dioten ilusio eta gogoa ikaragarria da, eta horrek indarra ematen dizu jarraitzeko. Lan potentea da, gainera, haurrek beste mila gauza izaten dituzte, eta ez da erraza izaten guztiak elkartzea, baina, gure zein haurren ilusioa elkartuta aurrera eraman dugu guztia.
Zer etorriko da Bergarako emanaldiaren ostean? Baduzue kanpoan antzezteko asmorik bai?
Hori ikusi egin beharko da, baina gu prest gaude. Ezingo ditugu emanaldi asko egin, haur gehiegi direlako, eta adin horietan aldaketa asko ematen dira. Baina bai, gustatuko litzaiguke beste antzoki batzuetan egitea. Ea posible den.
