Kutxa Fundazioak ezagutzaren inguruan ireki duen etapa berriaren isla da Jakingura Jaialdia. Fundazioarentzat, ezagutza ez da transmititu beharreko edukien multzoa, herritarrengan jarrera aktibo, parte-hartzaile eta kritikoa pizteko akuilua baizik. Ikuspegi horretatik, Jakingura Jaialdiak zientzia, artea, humanitateak, teknologia eta tokiko jakintza jarriko ditu elkarrizketan, diziplinen arteko mugak lausotu eta ezagutza modu irekiago, esperimentalago eta kolektiboago batean bizitzeko. Hausnarketarako eta errealitatea beste ikuspegi batetik behatzeko gonbidapena izango da.
Jaialdiaren abiapuntua galdera bat da: zer leku du jakin-minak informazio eskerga, abiadura handia eta erantzun azkarrak nagusi diren gizartean? Kutxa Fundazioaren ikuspegitik, jakin-mina ez da soilik jakiteko gogoa; ezagutza sortzeko, zalantzan jartzeko, loturak egiteko eta mundua beste modu batera ulertzeko jarrera baizik.
Hiru egunetan landuko duten programak ahots ezberdinak jarriko ditu elkarrizketan. Jaialdiaren asmoa, gainera, publiko desberdinetara iristea da, profil eta belaunaldi anitzetako herritarrei zuzendutako jardueren bidez.
Lurralde osoko jaialdia
Lehenengoz egingo den jaialdiak hiru kokagune izango ditu. Beasain izan zuen abiapuntua joan den egubakoitzean, hilaren 5ean, eta orain, Bergarara iritsiko da. Ekainaren 12an egingo dute Laboratorium Museoan, 18:30ean.
Topaketan hartuko dute parte Oihana Arana idazle eta bertsolari eskoriatzarrak, Ana Galarraga zientzia-dibulgatzaileak, Mikel Rotaetxe kazetariak, Ander Mujika musikari eta sortzaileak, eta Maddi Iñarra irakasle eta komunikatzaile bergararrak. Saioa borobilduko dute Amorante musikariaren kontzertuarekin, 19:30ean.
Ekitaldia irekia izango da, baina lekurik gabe ez geratzeko, komeni da aurrez izena ematea.
Ekitaldi nagusia, Tabakaleran
Jaialdiaren hitzordu nagusia ekainaren 19an izango da, Donostiako Tabakaleran. Hona hemen egitaraua:
Goizeko saioa (10:00-12:30): Profesionalei zuzenduta.
- Parte-hartzaileak: Remedios Zafra, Cesar Bona, Aitor Arregi, Garbiñe Manterola, Nico Cuenca, June Fernandez, Kepa Errasti eta Rocio Vida.
- Izen-ematea: hemen.
Arratsaldeko saioa: Publiko zabalari irekia.
- 17:00-18:00 Familientzako tailerra: Jakingura esperimentatzen. Artaziak kooperatibarekin. Izen-ematea: hemen.
- 18:30-19:30 Zuzeneko podcasta gazteei zuzenduta, Ainhoa Vitoria eta Aitziber Gradosen eskutik. Gonbidatuak: Jon Kareaga (ingurumen-aktibista), Olatz Salvador (musikaria) eta Javi Rivero (sukaldaria).
- 19:30-20:30 Hausnarketa-performancea, Dejabu sormen-kolektiboaren eskutik.
- Izen-ematea: hemen.