Lanak Electro Talleres Zarauz SA enpresak egin ditu lizitazio publiko baten ondoren, eta esleopenaren zenbatekoa 28.953, 364 eurokoa izan da (BEZ barne). Aurretik zegoen jolas ekipamendua eta zorua desmuntatu eta kendu dituzte, eta ondoren, gune berean, jolas elementu berriak eta segurtasun zoladura berria hornitu eta instalatu dira. Jarri dituzten elementuek %73ko material birziklatuaren osagaia dute: "Parkean jarritako informazio panelean jasotzen denez, erabilitako materialak Bergaran bildutako plastikoaren birziklapen prozesutik datoz neurri batean; zehazki, 412 kilogramo plastiko birziklatu dira ekipamendu berria fabrikatzeko". Ekipamendu berriak 20 urteko bermea du.
Udalak jakinarazi du, proiektua baloratzerakoan hartu dituzten irizpideak izan direla, besteak beste, proposamenak eskaintzen zituen jarduera ludikoen aniztasuna eta berrikuntza, jarduera fisikoa sustatzeaz gain sozializazioa, irudimena eta sormena garatzeko aukera ematea. Era berean, garrantzia eman zioten jolas-gunea Osintxuko ingurunean modu egokian integratzeari, bai diseinuaren, bai koloreen, formen eta materialaren ikuspegitik.