Gustura itzuli ziren atzo etxera Bergarako pilotariak Eibarren aurkako Herriarteko final laurdenetako joanekoan hiru partidak irabazita. Kadete mailako partida irabaztea "zaila" izango zutela uste zutela dio, BKEko pilota saileko arduradun Julen Aranburuk, baina aurreratu du bikote bergararrak "oso lan ona" egin zuela: "Oier Fernandezek segurtasun handiarekin jokatu zuen, eta Inhar Olanok aurrean min egin zuen. Egia da Eibarko atzelariak zailtasunak izan zituela eskubiko eskuan zuen lesioagatik, eta alde horretatik, erasoan asmatu genuen".
Lau tantotan utzi zuten Eibar gazte mailan, eta Aranbururen esanetan "erraz irabazteko aukerak" zituzten. Hala ere, aitortu du, Bergarako gazte mailako pilotariek maila ona eduki arren, Herriartekoan ez dutela emaitza onik lortu, eta aste honetako partida ondo etorriko zaiela finalerdietara pasatuz gero, konfiantza lortzeko.
Nagusietan ere, partida "oso gogorra" aurreikusten zuten, baina bikote mahoneroak "maila ona erakutsi zuen", eta eibartarrek ere "opari asko" egin zituzten. "Hiru partidak irabazi genituen, aldeko tanto kopurua daukagu. Ea hurrengo ostiralean dena ondo joaten den eta finalerdietarako txartela lortzen dugun", adierazi du Aranburuk. Finalerdietara igaroz gero, Zaldibia edo Aduna izango lukete aurkari; Zaldibiak 2-1eko emaitza dauka alde.

