Aratz Ormaetxea: "Garrantzitsua eta polita izan da finalera heldu eta nire lagunen aurrean irabaztea"

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 2a

Aratz Ormaetxea pilotari bergararra. (Irudia: Aratz Ormaetxea)

Promes mailako Bergara Hiria txapelketa irabazi berri du Aratz Ormaetxeak (Bergara, 2007), Unax Ramirezekin batera bikote eginez. Astelehenean jokatutako finalean 22-19 nagusitu zitzaizkien Madinari eta Etxeberriari.

Etxean jokatutako torneoa, ordea, ez da atzelari bergarar gazteak aurtengo denboraldian irabazitako bakarra izan. Uda ezkero, Getariako, Baños de Rio Tobiako, Oñatiko sanmigeletako eta Lezamako txapelketak irabazi ditu; Elgoibarren eta Gartzaronen, ostera, txapeldunorde izan da.

Etxeko txapelketa irabazi berri duzu; zer esanahi du zuretzat?

Iaz, promes mailako lehen urtean parte hartu nuen, estreinakoz, txapelketan, eta gauza handia da aurten irabazi izana. Garrantzitsua eta polita izan da Bergarako jaietan finalera heldu eta lagunen aurrean irabaztea.

Lagunak aipatu dituzu; Bergaran izanda, ez dute hutsik egiteko aitzakiarik izan, ezta?

Bai; frontoia beteta ikustea berezia da. Sekulako giroa zegoen, eta, esan bezala, kuadrillako lagun eta ezagun pila bat etorri ziren frontoira. Guztiek animatu zuten, eta partidua amaitutakoan kanpora irten ginen ospatzera. Giro bero-beroa zegoen; pozik ibili ginen.

Hiru partiduko txapelketa motza jokatu zenuen Unaxekin. Nola moldatu zineten?

"Txikitatik Rezustaren pausoak jarraitzen saiatu naiz; eredua izan da niretzat"

Egia esan, elkarren aurka askotan jokatu dugu, baina Unaxekin batera jokatu dudan lehen aldia izan da. Final laurdenetako partidua nahiko erraz irabazi genuen. Finalerdietakoa zaildu egin zen; baina finala izan zen partidurik gogorrena. Finalean urduritasunak kontrolatzea gehiago kostatu zitzaidan, baina bikotekidearekin oso ondo moldatu nintzen, eta horrek lagundu egin zuen.

Horrelako torneo bizkorrak ala luzeagoak nahiago dituzu?

Nahiago ditut partidu bakarrera jokatzen diren txapelketak. Tentsioa sortzen du galduz gero kalera zoazela jakiteak; baina, alde horretatik, lehen partidua izan ohi da zailena. Behin lehenengo partidu hori aterata, errazagoak dira beste guztiak.

Hala ere, urduritasunak kudeatzeko zailagoa izango da; ala?

Neure buruari presio handiagoa sartzen diodala esango nuke; beste aukerarik ez dagoelako. Presio puntu horrek, ordea, ondo jokatzera eramaten nau batzuetan.

Herriartekoan ere buru-belarri zabiltza.

Bai, Villabona-Amasari irabazi ostean, Eibarren jokatuko ditugu joaneko final laurdenak, domekan. Eibar aurkari zaila izango da, ezagunak dira eta badakigu zer aurkituko dugun. Seniorretan, Ander Etxanizek eta biok partidu gogorra izango dugu aurretik; ea aurrera ateratzerik dugun. Gainera, Herriartekoa, jokatzen dugun guztioi ilusio handia egiten digun txapelketa da. Polita izaten da partiduen ostean bi herriok elkartuta egiten dugun afaria. Bergararentzako garrantzitsua izango da txapelketa horretan aurrera egiten jarraitzea.

Promes mailakoa izan arren, senior mailan zabiltza Herriartekoan. Nabari duzu aldaketa?

Bai, baina, egia esan, ohituta nago jada eta gustura jokatzen dut maila horretan ere.

Pozik zaude egindako denboraldiarekin?

Bai, pozik nago. Txapelketa gehienetan aurrera egitea lortu dut. Gehienetan finalerdietara edo finaletara heldu naiz. Horregatik, momentuz, balorazio ona egingo nuke.

Rezusta duzu eredu?

Hori da. Txikitatik haren pausoak jarraitzen saiatu naiz. Eredu da, eta hark egindakoa kopiatzen saiatuko naiz, oso zaila izan arren. Datorren urtean senior mailara igaroko zara ofizialki.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Salto handia dela esango nuke, baina gogotsu nago maila ona ematen jarraitzeko.

Aratz Ormaetxea eta Unax Ramirez, txapelarekin. (Irudia: Aratz Ormaetxea).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak