Soraluce BKE senior mailako mutilek Labegaraietan jokatuko duten Gipuzkoako Kopako finalean esango diote agur denboraldiari, domekan, 13:15ean. Hain zuzen, Aritzbatalde Taberna Zarautz izango dute zain. "Joko azkarra proposatuko dute zarauztarrek, eta kontraerasoan min ematen saiatuko dira. Guk, ordea, partidu kontrolatuagoa egin nahi dugu; erritmo motelagoan, erasoaldi landuagoak eginez, eta defentsan gogor arituta", azaldu du Joseba Elorza entrenatzaileak.
Gipuzkoako Kopa ez dute talde guztiek lehiatzen –batzuek uko egiten diote txapelketa horri–, baina Soraluce BKEk lehiatzea erabaki du. "Aurreko urteetan seniorretako bi taldeekin talde bakarra osatuta jokatu izan dugu Kopa. Aurten, talde bakarra dugu, eta ezin izan dugu horrelakorik egin; denboraldi batetik bestera tarte luzea dagoelako jokatzen dugu", dio Elorzak. Hala ere, entrenatzaileak argi du urteroko helburu nagusia liga dela, eta igoera faserako sailkatu ez izanaren "pena" du: "Play-off-etarako sailkatzea lortu genuen, baina igoera fasetik partidu batera gelditu ginen". Kopakoa azken partidua izanik, agurrak ez dira faltako, eta, horregatik, garaipenarekin agurtu gurako du Soraluce BKEk denboraldia.
Infantil neskak ere bai
Senior mailako mutilen partiduaren aurretik, Royde BKE infantil mailako nesken taldeak Eibar Eskubaloiaren aurka jokatuko du Kopako finala, 11:15ean. Bi final izango dira, horrenbestez, domekan jokoan.