Profesionaletan dabiltzan makina bat txirrindulari nabarmendu da bertan: esaterako, bigarren edizioan, Laboral Kutxan dabilen Alice Maria Arzuffi nagusitu zen; eta bosgarrenean, Movistarren ari den Claire Steels. Iaztik profesionaletan dabiltzan Paula Ostiz eta Irati Aranguren ere San Martzialen lehiatutakoak dira.
60 txirrindularitik gora
Kadete, gazte, 23 urtez azpiko eta elite mailako 60 txirrindulari baino gehiago daude aurrezerrendan, eta faborito txartelarekin doana, iazko azkarrena, Maite Urteaga zumaiarra da. Gipuzkoako Itzulia aise irabaztetik dator Urteaga, eta zaila izango da hura ez den norbait San Martzialeko podiumeko koskarik gorenean ikustea. Igamo Packaging taldeko bost txirrindularik ere egingo dute igoera: Ainhoa Plazak, Izaro Ezpeletak, Ziortza Herediak, Edurne Ormaetxeak eta Itxaso Askasibarrek.