Debagoieneko musika eskola guztietakoak batuko dira, 400 lagunetik gora. "11:00etan, ongietorria egingo diegu, eta, segidan, taldeka banatuta, kalejirak egingo ditugu; eguerdian, hiru gunetan banatuta, emanaldiak izango dira: ikastolako karpan, 12:30ean, haurrek; azokako karpan, gazteek, 13:00etan; eta Irala kalean izango da nagusien gunea, 13:30ean hasita", azaldu dute antolatzaileek.
Elkarrekin bazkaldu ondoren, jai giroan jarraituko dute ordu txikiak bitartean. "Bergarako Musika Eskolako ikasle ohiek osatzen duten Aliritzi taldearen erromeria izango da, 17:00etan, ikastolako karpan; eskarmentu handiko Xabi Solano trikitilariaren kontzertua, 19:00etan, azokako karpan, eta, eguna bikain amaitzeko, 23:00etan, Itzal taldearen erromeria. Gonbidatuta zaudete!".