Bihar izango da 41. Koldo Eleizalde lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia

Gontzal Belategi Zubia 2026ko maiatzaren 29a

Aurreko urteko sari banaketa ekitaldia. (Argazkia: Bergarako Udala)

432 lan aurkeztu dira aurtengo Koldo Eleizalde lehiaketa, eta horietatik 39k jasoko dute saria.

41. Koldo Eleizalde lehiaketak baditu irabazleak, eta bihar, 12:00etan, Seminarixoan egingo dute sari-banaketa ekitaldia. Bergarar gazteek ipuin idatziak, poemak, bertsoak, komikiak zein interpretazio eta kontaketa lanak aurkezteko aukera izan dute.

Parte hartze handia

Aurten, osotara, aurrez argitaratu gabeko 432 lan aurkeztu dira. Bergarako Udaleko Euskara teknikari Eli Pairosek azaldu duenez, azken urteetan ohikoa da lan kantitate hori jasotzea, eta pozik dago txapelketak izaten duen harrerarekin: "Azken urteetan 400 lanen bueltan ibili gara beti, eta, orokorrean, pozik gaude lehiaketan izaten den parte hartzearekin".

Sari guztiek dute irabazlea

Lehiaketaren oinarrien arabera, posible da sari guztiak ez banatzea, maila kontuengatik. Hala ere, Pairosek azaldu duenez, aurten sari guztiak banatuko dira: "Posible da sariren bat eman gabe gelditzea; hau da, alor baten lehenengo saria bai, baina bigarrena jasotzeko inork maila nahikoa ez izatea. Hala ere, aurten sari guztiak eman ditugu". Horrenbestez, bihar 39 lanek jasoko dute aitortza sari-banaketa ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak