Jardunek, Nabarraldek eta Olaso Dorrea Fundazioak antolatuta, Deiadarra liburua aurkeztuko dute ekainaren 3an, eguaztena, 18:30ean, Olaso dorrean. Liburu ilustratua da Deiadarra, Erromatar konkistatik 1620an Nafarroako erresumak burujabetza galdu arteko historia kontatzen duena. Aurkezpenean liburua salgai egongo da, 30 eurotan.
Monzonen etxean, pozik
Aurkezpenean izango da liburuaren egile Aritz Ibarra. Eta bergararren aurrean gizarteratzeko gogoz dago hura: "Liburua gizarteratzeko irrikan nago. Sortzaileok denbora asko pasatzen dugu etxean lanean, bakarka, baina gero ez dugu jakiten lanak nork irakurtzen dituen, eta jendearen feedback hori ezinbestekoa da".
Ilustratzaile gasteiztarra pozik dago aurkezpena Olaso dorrean izatearekin: "Ilusio berezia egiten zidan bertan aurkezteak. Nire nahia aurkezpena Olaso dorrean egitea zen, Telesforo Monzon erreferente handia da eta". Liburuaren lehen planteamenduan Monzon agertzen zela ere gaineratu du: "Lanaren lehen planteamendua Euskal Herriaren historia osoa jasotzea zen, eta, beste kapitulu eta marrazki batzuen artean, Telesforo Monzon agertzen zen; hau da, haren marrazkia egina dut dagoeneko".
Ezohiko historia-liburua
Deiadarra historia-liburu bat den arren, ezohikoa dela nabarmendu du Ibarrak: "Ez da ohiko historia-liburu bat. Asmoa ahalik eta erakargarriena egitea izan da. Aurreko batean, pertsona batek esan zidan asko gustatu zitzaiola, azkar irakurri zitekeen historia-liburua zelako, eta poztu egin ninduen, hori zen-eta nire asmoa, ohiko formatu marduletatik aldentzea".
Alde horretatik, estetikak testuak besteko garrantzia hartu duela nabarmendu du: "Orain arte irakurri ditudan historia-liburu gehienak historialariek idatziak izan dira, baina ni marrazkilaria naiz. Historia liburuetan datuak izan ohi dira garrantzitsuak: zenbat eta datu gehiago, orduan eta hobeto. Nire helburua historia erakargarri egitea da, eta estetikak berebiziko garrantzia du". Estetika-zaintze horretan, detaile txikiena ere kontuan izan du: "Garrantzitsua da irakurketa murgiltzailea izatea. Horretarako, paperari ere erreparatu diot; liburuari pergamino kutsu bat ematen zion paper mota bat aukeratu dut".
Gure historia eta gure hizkuntza
Ibarraren ustez,t ezinbestekoa da nork bere historia kontatzea: "Ezinbestekoa da gure historia guk kontatzea. Liburuko pasarte asko guk kontatu ezean inork ez dizkigu kontatuko. Historiografia espainiarrean eta frantsesean baskoiak kasik ez gara agertzen, eta agertzen garenean garaitu egin gaituztela esateko izan da".
Nork bere hizkuntza kontatzea besteko garrantzitsutzat jotzen du gasteiztarrak nork bere hizkuntzan kontatzea: "Gure ikuspegitik kontatzea bezain garrantzitsua da gure hizkuntzan kontatzea. Orain arteko historia-lan gehienak, gure perspektibatik idatzitakoak ere, gazteleraz eta, neurri txikiagoan, frantsesez idatziak izan dira". Hala ere, horrelako liburu bat euskaraz idaztea erronka handia izan dela nabarmendu du: "Erronka handia izan da. Erdi Aroko terminologia ez da gaur egungoaren bera, eta gazteleraz entzunagoak diren hitz batzuk euskaraz aurkitzea ez da horren erraza izan, baina horrela izan behar zuen, ezinbestean".