Eguraldi beroarekin batera eta ekainean sartu aurretik jarri du martxan Bergarako Udalak Labegaraietako ur-txorroten parkea. Eguaztena ezkero dago zabalik, eta datozen hilabeteetan 10:00etatik 21:00etara bitartean gozatu ahal izango dute etxeko txikiek gune horretaz. 271 metro karratu ditu aisialdirako ekipamenduak, eta txorrotekin bustitako eremuak, berriz, 160 metro karratu.
Agorrosingo udako denboraldia hasteko pare bat aste itxaron beharko da, ordea; izan ere, kanpoko igerilekuak nahiz ur-txorrotak ekainaren 12an zabalduko dituzte eta irailaren 6an itxi. Denboraldi osoan zehar, igerilekuak 10:00etatik 20:30era bitarteko egutegia izango dute, baina igeritokia 20:00etarako hustuko da, eta berdeguna 20:30ean itxi.
Sarreren prezioari dagokionez, honakoak ezarri dira:
3 eta 17 urte bitartekoendako
- Egun osoko sarrera: 4,40 euro.
- Egun erdiko sarrera: 3,10 euro.
Helduendako
- Egun osoko sarrera: 8 euro.
- Egun erdikoa: 5,50 euro.
Halaber, Udaletik aurreratu dute hileko abonuen prezioak 6,82 eurotik 27,27 eurora bitartekoak izango direla, aukeratutako modalitatearen arabera.