Mikel Aristi, tandemean, pilotu lanetan

Xabier Urtzelai 2026ko maiatzaren 29a

Aristi eta Arriortua Abruzzoko (Italia) Munduko Kopan jokatutako errepideko proban. @Basqueteam

Euskaltel-Euskadiko ziklista profesional izateari utzi eta lau urtera kirol egokituan murgildu da bergararra, Imanol Arriortuaren ondoan. Tandemean dihardute lehiatzen eta aurtengo helburua irail hasieran Alabaman (AEB) egingo duten Munduko Txapelketan dute.

Imanol Arriortua (Derio, 1998) txirrindulariak zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu zituen 2024an Zurichen jokatu zuten txirrindularitza egokituko Munduko Txapelketan. Bizkaitarrak ikusmen arazoak ditu, eta tandemean Francisco Garcia Rus (Murtzia, 1992) pilotuaz batera lortu zuen podiumera igotzea. Iazko udazkenean, berriz, Delko Marseille Provence KTM eta Euskaltel-Euskadi taldeetan ibilitako Mikel Aristiri (Bergara, 1993) egin zion tandema osatzeko proposamena, eta honek onartu. "Egia esan shock egoeran geratu nintzen proposamena egin zidatenean [Barre] behin bizikletatik erretiroa hartu eta gero ez nuelako halako proposamenik inondik inora espero". Arriortua gertuko pilotu baten bila zebilen, Euskal Herrikoa, tarteka elkarrekin entrenatu ahal izateko eta harreman estuagoa izateko. Eta, bizkaitarrak kirol erronka handiak ditu begiz jota.

Langile batendako erronka

Bergarakoari Eneko Iparragirre prestatzailearen bitartez iritsi zitzaion proposamena, urrian. "Nire egoera zein zen azaldu nien, dagoeneko ez naizelako kirolari profesionala, Ulmako langilea naiz eta jai egun mugatuak izateaz batera gaur egun ezin naiz garai batean moduan entrenatu. Baina, pentsatu nuen bestela ere triatloiak eta bestelako lasterketak egiten dihardudala, saltsa hori gogoko dudala, eta proposamen polita zela, esperientzia berri bat".

Aristi eta Arriortua elkarrekin entrenatzen hasi ziren, nahiz eta egin duen negu gogorrak ez dien gauzak nahi moduan egiteko tarterik utzi. "Tandemean kilometroak pilatzea falta zaigu. Bereziki niri, pilotu moduan. Joan den domekan, esaterako, 140 kilometro egin genituen, eta geroago eta erosoago gaude. Azken batean kamioi bat eramatea modukoa da [Barre] ikustekoa da bizikleta horretan zer nolako abiadurak hartzen ditugun. Esango nizuke kurba irekietan bizikleta normalarekin baino segurtasun handiagoa sentitzen dudala, oso egonkorra da. Baina, kurba itxietan eta norabide aldaketak datozenean etortzen dira arazoak. Hor, atzekoaren laguntza ezinbestekoa da, eta zentzu horretan Imanolekin joatea ederra da, sekulako esperientzia daukalako. Oraingo domekan, esaterako, Haimar Zubeldia martxa zikloturistan izango gara, entrenamendu saio modura".

Italian, bosgarren

Irail hasieran Alabaman (AEB) jokatuko duten Munduko Txapelketara bidean, maiatza hasieran bikote euskalduna Italian izan zen, Munduko Kopako proban. "Garrantzitsuak dira proba horiek, AEBtara goazenean lasterketan ze postutan irten erabakitzeko puntuak daudelako jokoan. Halakoetan normalean bi lasterketa egoten dira, errepidekoa eta erlojupekoa. Erlojupekoa aurreikusi moduan egin genuen, txukun ibili ginen. Oraindik aerodinamika aldetik lana daukagu egiteko, biomekanika findu, materiala hobetu... Jendeak baliabide handiak ditu eta maila handia dago, hemen detaile bakoitza garrantzitsua da. Errepideko lasterketan, berriz, gorabehera asko izan genituen. 110 kilometro inguruko lasterketa zen, euria egiten zuen eta errepideak labankor zeuden. Hala, 4. kilometroan lurrera joan ginen eta ondoren zulatua izan genuen. Hortik aurrera 103 kilometrotrako erlojupekoa egin genuen [Barre] eta 10. sailkatu ginen. Guztira 37 bikote irten ginen. Tira, aurrerago ibiltzea zen asmoa".

Eta aurrera begira?

Bergarakoak badaki Imanol Arriortuak 2028ko Los Angelesko (AEB) Olinpiar Jokoak dituela begiz jota, eta proiektua horretara bideratuta dagoela, baina oraingoz, Aristik pausoz pauso joan nahi du. "Oso proiektu erakargarria da, eta halako hitzordu batean egotea sekulakoa izango litzateke. Baina, poliki-poliki joan nahi dut, badakidalako kirolari profesional moduan egindako urteak atzean geratu zirela, eta ez dut nire burua estutu nahi. Datorren urteko Munduko Txapelketa Frantzian izango da, etxetik gertu. Alde horretatik, ondo. Azken batean, laneko egutegiarekin bateragarria izan behar da hau guztia. Eta hurrengo urtea urte olinpikoa izango litzateke. Oraingoz urrun ikusten dut, nahiago dut epe motzekoaz gozatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak