Hitzaldiak generoa eta elikadurarekin ondoeza emozionala izan zituen ardatz, eta horien inguruan jardun zuen Maria Jose Arrutirekin (1965) izan da GOIENA, elikadura-nahasmenduaren gaitza sakonago ezagutzeko asmoz.
Zergatik eta zertarako sortu zen ACABE?
ACABE 1994an sortu zen, Gipuzkoan. Garai hartan, elikadura-nahasmenduak zituztenek baliabide espezializatuen behar handia zuten. Familia eta pertsona haiek elkartu egin ziren, eta ACABE abiatu zuten elkarri babesa emateko.
Zeintzuk dira zuen helburuak eta zer eskaintzen duzue?
Elikadura-nahasmendua sufritzen dutenen bizi-kalitatea hobetzea da helburu nagusia. Alde batetik, familiak eta pertsonak artatzen ditugu, laguntza psikologikoa eta elkarri laguntzeko taldeak eskainita. Bestalde, prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzen ditugu, Bergaran egin duguna bezalako hitzaldiekin eta bestelako tailerrekin.
Gaur egun elikadura-nahasmenduaren inguruko ezjakintasuna dagoela esango zenuke?
Elikadura-nahasmenduaren inguruan aurreiritzi, estereotipo eta mito ugari daude. Nerabe kontuak direla, moda kontuak direla, gorputzarekiko gehiegizko kezka bakarrik dela... Gaixotasun mental konplexu bat da, ondorio fisiko, emozional serioak sor ditzakeena. Hala ere, osasun mentalaren inguruan gehiago hitz egiten dela esango nuke; eta jendea ere lehen baino kontzienteagoa da.
Argaltze nahia noiz bilakatzen da gaixotasun?
Gizartean oso orokortua dagoen pentsamendua da argaltzearena. Hau da, askok uste dute lodi dagoenak osasun arazoak dituela eta argal dagoenak, berriz, ez; hori ez da horrela. Elikadura-nahasmendua eguneroko bizitzan eragiten hasten denean bilakatzen da arazo; pisua, janaria eta kaloriak kontrolatzea kezka-iturri denean, bizitza baldintzatzen duenean eta umorean eragiten duenean. Gorputzean igarri aurretik, janariarekiko kontrol nahiak eragindako sufrimendu emozionalarekin hasten da gaixotasuna.
Muturreko egoeretara joan gabe, horrelako gaitza garaiz detektatzerik badago?
Bai; pertsona baten jokabideak asko esan dezake. Pertsona batek bere burua gaizki ikusten duela, bere gorputza ez zaiola gustatzen, lodi dagoela edo osasuntsu jan behar duela esaten duenean, bere jokabidea aldatzen hasten da. Batez ere, umorean nabaritzen dira aldaketa horiek, baita bizitza soziala egiteko orduan ere; izan ere, bazkariak eta afariak antolatzen direnean isolamendu joera bat garatu dezake.
Gertuko norbaitek horrelako zerbait badu, nola jokatu behar da?
"Emakumeengan intzidentzia handiagoa egon izan da, baina gizonezkoen kasuak gora doaz"
Hasteko, ez da erraza horrelako zerbait antzematea, seguruenik pertsona horrek ezkutatu egingo duelako. Gainera, galderak egitean, ziurrenik dena kontrolpean duela esan edo ukaziora joko du. Senideek eta hurbileko jendeak, normalean, segituan martxan jarri nahi izaten dute, baina aurretik prozesu bat egin behar da: lehenik eta behin, pertsona horrek prest egon behar du laguntza eskatzeko. Prozesu hori luzea izan daiteke, eta pixkanaka egin behar da; lan hori ere gurekin egin daiteke.
Emakumeengan eta gizonengan ez du berdin eragiten, ezta?
Emakumeengan intzidentzia handiagoa egon izan da beti, gorputzarekiko presio estetiko eta kulturala handiagoa izan delako eta emakumearen balioa bere itxura fisikoarekin lotu izan delako. Hala ere, gero eta gizonezko gehiagok jasaten dute arazo bera. Emakumeek, orokorrean, argal egon nahi dutelako sufritu ohi izan dute. Gizonezkoek berriz, indartsu edo muskulutsu egon nahi izaten dute. Jokabide horrek ere obsesio handia eragin dezake elikatzeko orduan. Ez du berdin eragiten, beraz.
Zer da zuretzat, osasuntsu egotea?
Orekan eta ongizatean bizitzea. Horretarako, jaten duguna bakarrik ez, gure pentsamendu eta emozioak ere landu behar ditugu.