Ezagunaren eta ezezagunaren arteko jolasa Jon Ibalaren erakusketan

Eki Letona Erretolatza 2026ko maiatzaren 22a

Jon Ibala, erakusketa batean. Argazkia: Jon Ibala.

Gaur arratsaldean, egubakoitza, zabalduko dute Jon Ibalaren (Mungia, 1996) Lau hanka eta bost belarri erakusketa, Bergarako Aroztegi aretoan. Askotariko diziplinak batzen dituen proposamena da artistarena, eta ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai. Ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era; zapatuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan 12:00etatik 14:00etara. 

Bergaran Pentekosteengatik jai-giroa izango dela jakitun bada ere, hauxe dio Ibalak: "Ez dakit bat datorren erakusketa jaiekin, Bergarako jendeak beste gauza batzuk egingo ditu, baina ondorengo asteetan ere bertan egongo da ikusgai".
 

Hainbat teknikaz osatuta

Ibalak azaldu duenez, erakusketan "apur bat denetarik" egongo da. Pintura, aerografoarekin egindako irudiak, zeramika eta instalazio kutsuko piezak bilduko ditu erakusketak; guztiak ere, artistaren imajinario bereziaren parte. Hala ere, teknikoki askotarikoa izan arren, lan guztiek lotura dute.
 
"Hainbat teknika lantzen ditut, baina, agian, gauza guztiek erantzuten dute imajinario artistiko bera", dio. Artistaren arabera, erakusketako piezak ez dira banaka ulertu behar, baizik eta osotasun baten parte bezala: "Guztiek gauza bera erantzuten dutela, mundu beretik datozela. Denek laguntzen dute ikuslea puntu berdin batera eramaten".
 

Bosgarren belarria

Erakusketaren izenak badu bere pisua. Lau hanka eta bost belarri izenburuarekin, ikuslearen pertzepzioarekin jolastu nahi izan du artistak. "Ezagun diren gauzak edo arraro egiten ez diren gauzak ikusi daitezke erakusketan, eta, era berean, badago bosgarren belarri bat, ez dena ikusten edo beste guztiak mugitzen edo haiei eragiten diena", azaldu du. Hori dela eta, ikusleak lehen begiratuan ulergarriak edo gertukoak izan daitezkeen elementuak topatuko ditu, baina, aldi berean, bada zerbait ezkutuan geratzen dena, guztia lotzen duen hari moduko bat.
 

Aretora egokitutako muntaketa

Erakusketaren prestaketa-prozesua luzea izan dela kontatu du mungiarrak. Joan den urtean aurkeztu zuen eskaera Bergaran erakusketa egiteko, eta handik denbora batera jaso zuen Udalaren deia. Hasieran erakusketa lehenago egiteko proposamena jaso bazuen ere, atzeratzea erabaki zuen.
 
"Eibarren erakusketa bat egin nuen Gabonetan, eta otsailean hemen egin izan banu oso antzerakoa izango zen erakusketa. Ez nuen nahi berdin-berdina egitea, eta ez zitzaidan interesatzen", azaldu du. Horregatik atzeratu zuen, denbora hartu zuen piezak berritzeko eta Aroztegi aretora egokitzeko. Espazio bakoitzak bere beharrak ditu: "Koadroak estudioan egin ditut, eta ez du zertan aretora moldatu, baina instalazioetara bai moldatzen naiz".
 
Horren adibide moduan aipatu du aretoa erdibitzen duen izara baten presentzia: "Izara hori Aroztegiko aretora moldatuta egina dago; agian, beste areto batzuetan ez litzateke existituko".
 

Ikuslea, jolaserako gonbidatuta

Artistak ez du erakusketa modu akademiko edo itxian ulertzea nahi. Alderantziz, ikuslea askatasunez murgiltzea espero du, eta piezek proposatzen duten alde ludikoari helduta ibiltzea. "Etortzen den jendeari disfrutatzeko eskatzen diot. Nik uste dut bertan dagoen dena alde jostari batetik egin dudala, eta, puntu jostari batetik ikusi eta irakurtzen badute erakusketa, disfrutatu egingo dute".
 
Erakusketa martitzenean muntatu zuen, egun bakarrean. "Egun osoan izan nintzen muntatzen", azaldu du. Lan intentsua izan bazen ere, pozik geratu da emaitzarekin.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak