EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak adierazi zuen, mozioaren bidez azpimarratu nahi izan dutela "bi garai historiko" horiek izandako garrantzia politiko eta instituzionala: "Foruen abolizioak suposatu zuen herriarendako, autogobernuari begira, eskubide historikoei begira, galera handi bat. Kanpotik ezarritako neurri bat izan zen. Uste dugu hori gogoratzea garrantzitsua dela aurrera begira edo aurrera egiten dugun heinean, mahai gainean dauzkagulako erronka oso konplexuak: zaintza-ekosistema, etxebizitza, trantsizio energetikoa... Eta horiei aurre egiteko eskatzen digu tresna politiko-instituzional egoki batzuk edukitzea. Eta hor udalek oso paper garrantzitsua daukate eta edukitzen jarraitzen dute, Alkateen Mugimenduan adierazi zen bezala".
Jeltzaleen bozeramaile Kepa Sebalek ere efemeride garrantzitsua dela zioen, eta EAJren asmoa dela Euskal Herriko udal guztiak beste pauso bat ematera animatu nahi dituzte. Sozialistak aurka agertu ziren. "Guk beti nahi izan dugu bere burua legitimizatzen duen biztanleria bati zuzenzea etorkizunera begira, eta ez iraganera begira. Kontra bozkatu dut biztanleriak hitz egin nahi dudalako, etorkizunaz", azaldu zuen Alberto Alonsok.
Mozioa, Baxoa euskaraz egitea babesteko
EAJk Baxoa azterketa euskaraz egiteko eskubidea bermatzea babesten zuen mozioa aurkeztu zuen, eta aho batez onartu zuten. "Zentzu komunetik egindako eskakizuna da. Bakoitzak bere ama hizkuntzan edo nahi duen hizkuntza ofizialean aurkezteko aukera edukitzea", azpimarratu zuen Sebalek.
Usabiagak zioen mozioaren alde aurkeztu direla, baina gehitu izan nahi dutela egoera hori dela Euskal Herrian hiru administraziok eragiten dutelako, eta hizkuntza legeak ezberdinak direlako: "Ondorioz, ditugun hizkuntza eskubideak ezberdinak dira Euskal Herriko tokiaren arabera. Hori aldarrikatu nahi izan dugu. Euskaldun guztiok hizkuntza eskubide berberak izan beharko genituzkeela".
Halaber, Alberto Alonsok zioen, hizkuntza eskubideen defentsa aldarrikatzen dela mozioan, eta euskara "Bidasoaren bi aldeetan dagoenez finkatuta" ados daudela.