Futbolean, Bergarako neskek ez dute datorren asteko Intxaurdiren kontrako "finalera" itxaron behar izango, dagoeneko Euskal Ligan daude. Atzo Elgoibarren kontra berdindu ostean baziruen Ugarteren neskek lehenengo match-ball-a galdu zutela, baina ez, kontrario zuzen Intxaurdik ere kale egin du gaur Tolosaren zelaian, eta hori horrela, mahonerak "txapeldunak!, txapeldunak!" abestera irten dira gaur iluntzean Bergarako kaleetara.
Bergarak sekulako denboraldia egin du aurten, hiru partidu baino ez dituzte galdu, eta beste bost berdindu, eta azken urteotan aurrealdekoen borrokan ibili ondoren aurten bai, aurten aurrerapausoa eman dute eta mailaz igotzea lortu. Hala, Bergarako futbolean historia egin du talde honek, inoiz ez duelako izan Bergarak emakumezkoen Euskal Ligan ordezkaritza.
Gaur, Intxaurdik Tolosan kale egin ostean hasi dituzte mahonerek ospakizunak. "Oso pozik gaude lortu dugunarekin. Orain jaso ditugu fruituak baina lehenagotik hasitako lana da hau. Lehenengoz egongo gara Euskal Ligan, hau historikoa da Bergararendako, eta orain gozatzea dagokigu, eta datorren urtea prestatzen hastea", adierazi du taldeko entrenatzaile Lander Ugartek.