Sariak eta omenaldiak, Mahonero Egunean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 16a

Gaur, zapatua, ospatu du Bergarako Kirol Elkarteko futbol sailak Mahonero Eguna. Emakumezkoen eta Gizonezkoen Ohorezko Erregionalen eta jubenil nazionalen partidekin osatu dute egitaraua. Mahonero saiak ere banatu dituzte Agorrosinen eta Oier Ugalde eta Ibai Leizeaga jokalariei omenaldia egin diete.

18:00etan eman zioten hasiera Mahonero Sariei, eta sei izan dira sarituak: jubenil nazionaleko Iker Urkiolak jaso du jokalari onenaren saria gizonezkoetan; emakumezkoetan, berriz, Ohorezko Erregional mailako Uxue Iparragirre jokalariarendako izan da. Liga Nazionalean dagoen gazte mailako taldeko Dani Antolinorendako izan da entrenatzaile onenaren saria eta Futbol Eskolako monitore nabarmenena Arantzazu Gezalaga izendatu dute. Bazkidearen saria Toño Retesendako izan da; eta sari berezia, berriz, Txus Iglesiasendako, 25 urte baino gehiago klubeko tabernan eta Gabonetako zozketako laguntzaile izan delako.

Sarien ostean, eta Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako partida baino lehen, Oier Ugalde eta Ibai Leizeaga jokalariei omenaldia egin diete BKEn azken denboraldia izan dutelako. Ugaldek adierazi du "emozioz" betetako eguna izan dela gaurkoa: "10 urterekin edo hasiko nintzen, lehengo taldean 12-13 urte egin ditut. Kuadrilla bat gehiago egin dut. Lehen taldeko gazteena nintzen, eta orain alderantziz".

Talde argazkia, Oier Ugalderi eta Ibai Leizeagari omenaldia egin ostean. (Argazkia: I.A.A.).

Euskal Ligarako txartela, erabakitzeke

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak gaur goizean jokatu du denboraldiko azken aurreko partida Agorrosinen Elgoibarren kontra, eta 0-0 amaitu da partida. Puntuak lider izaten jarraitzeko lagundu die neskei. Hala ere, neskek bihar igotzeko aukera daukate. Sailkapenean bigarren postuan dagoen Intxaurdiren emaitzaren esku dago hori: galduz gero, zuzenean igoko dira mahoneroak Euskal Ligara; bestela, datorren asteko norgehiagokan erabakiko da, elkarren aurka neurtuko baitituzte indarrak

Taldeko kapitain Sara Balentziagak dio "pena" izan dela berdintzea, "oso partida ona izan delako: "Partida oso lehiatua izan da hasieratik bukaerara, eta egia da, guk irabazteko moduko partida egin dugula, baina eduki ditugun aukerak ez dira sartu. Gaurko berdinketak ea balio digun geratzen zaizkigun indar guztiak datorren astean emateko. Taldea oso prest dago horrelako partida bati aurre egiteko, eta datorrena datorrela guztiarekin joango gara". Intxaurdiren biharko emaitzaren zain daudela dio: "Bihar igotzeko aukera daukagu, eta aukera horietan sinesten dugu. Bihar ea zer gertatzen den, eta bestela, guztiarekin joango gara Intxaurdira".

Bergararen eta Elgoibarren arteko partidaren une bat. (Argazkia: Irati Concepcion).

Gazte mailako taldea, Nazionalean

Bestalde, gaur arratsaldean lortu du gazte taldeak Nazional mailan mantentzea. Santutxuren kontra neurtu dituzte indarrak eta bi eta hutsekoarekin BKEk Nazional mailakoa izaten jarraituko du.

Jubenilak garaipena eta maila mantenduko dutela ospatzen. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak