"Borroka luze baten ondoren, pozez" hartu zuen Larramendiko Arnasak Eusko Jaurlaritzak Larramendi auzian aurkeztutako kasazio-helegitea Espainiako Auzitegi Gorenak ez onartzea, eta, hori ospatzeko, otsailaren 17an iragarri zuten moduan, domeka honetan ospatuko dute, herritarrekin batera, Valogreene enpresak ez duela Larramendiko planta eraikiko. San Juan auzoko plazan izango dira ekintzak, 12:00etatik 18:00etara.
"Festa da, batez ere, ospatzeko urte askoan egindako lana, eta, batez ere, irabaztea. Irabazi izan ez bagenu, ziurrenik, ez genukeen festa hau egingo, eta, lan handia egin eta gero, ospakizuna egin nahi dugu, Udalari, herriari eta hor ibili diren guztiei eskerrak emateko", azaldu dute Larramendiko Arnasa taldeko kideek.
Musikaz betetako egitaraua
Eguerdiko hamabietan hasiko da jaia, harrerarekin, eta Larramendiko Arnasa taldeko kide Maite Aristegik, Udaleko ordezkari batek eta Ekologistak Martxan taldeko beste batek hartuko dute hitza. Ostean, Bergarako bertsolarien txanda izango da, eta pintxo-potea egingo dute, Bergarako Musika Eskolako Trikitilariek lagunduta.
Ondoren, herriko musika taldeak izango dira protagonista: Nebar, Azkaiter Pelox, Farrago, Adblue, Diablues eta Bluezifer Band, eta Amustei. Eta agurrarekin amaituko dute: "Eskerrak emango dizkiegu festara etortzen diren guztiei".
Taldearen etorkizuna
2022ko martxoan aurkeztu zuten Larramendiko Arnasa taldea, eta San Juan auzoan egitea aurreikusita zegoen erraustegiaren aurka jotzeko sortu zuten. Dagoeneko lortu dute helburua, eta, taldearen etorkizuna zein izango den galdetuta, adierazi dute ikusi egin beharko dutela: "Hemendik aurrera ez dakigu zer egingo dugun. Beste proiektu batzuk ere badaude bidean; Basalgon jarri nahi dituzten eolikoak, adibidez. Ikusi egin beharko dugu".
Hala ere, eskerrak eman dizkiete urte hauetan guztietan laguntzen aritu diren guztiei, bergararrak izan edo ez: "Lehendabiziko manifestaziora jende pila etorri zen; ez Bergaratik bakarrik, baizik eta bailaratik, Gipuzkoatik eta toki guztietatik. Komunikabideei ere eskerrak eman nahi dizkiegu".
Era berean, gogoan izan dute Carlos Arribas, Ekologistak Martxan taldeko kide bergararra: "Hark zabaldu zigun bidea Valogreenen aurka joateko; argia jarri zuen gure bidean".
Larramendi auziaren kronograma
2021eko ekainean aurkeztu zion Valogreene enpresak Udalari "industriarako karga mineralen ekoizpen ekologikorako" jarduera eskaria Larramendiko industrialdean gauzatzeko, eta, han jasotzen zenaren arabera, instalazio horrek paper-industriaren hondakinak deuseztatuko zituen pirolisiaren eta errekuntzaren bitartez. Udalak uztailean eman zion hirigintza-bateragarritasun ziurtagiria, baina bertan behera utzi zuen azaroan, Valogreenek Udalari aurkeztu zizkion jarduerak ez zetozelako bat Jaurlaritzan egin zuen eskariarekin.
Eusko Jaurlaritzak 2022ko apirilean eman zion enpresari ingurumen-baimena, eta Udalak errekurtsoa jarri zion Gobernuaren erabakiari, EAEko Auzitegi Nagusian demanda jarrita. 2025eko maiatzean jakinarazi zuen Udalak Valogreene enpresari ingurumen-baimena baliogabetu ziola EAEko Auzitegi Nagusiak. Sententzia haren harira, Jaurlaritzak kasazio-helegitea aurkeztu zuen, eta otsailaren 17an osoko bilkuren aretoan egin zuten prentsaurrekoan Larramendiko Arnasak, Bergarako Udalak eta Ekologistak Martxanek jakinarazi zuten Espainiako Justizia Auzitegi Gorenak ez zuela onartu errekurtsoa.