Sara Balentziaga: "Igoera ez da inoiz helburua izan, urteetako lanaren ondorioz etorri den aukera baizik"

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 15a

Sara Balentziag. (Argazkia: S.B.).

Euskal Ligara zuzenean igotzeko aukera eskura du Bergarako Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeak. Denboraldia amaitzeko bi partida baino ez zaizkie falta eta sailkapeneko liderrak dira. Bihar, 12:00etan, etxean neurtuko dituzte indarrak hirugarren postuan dagoen Elgoibarren kontra.

Liga amaitzeko bi partidu falta dira, eta Emakumezkoen Ohorezko Mailako liderra da Bergara, Intxaurdirekiko hiru puntuko aldearekin. Horrela amaituko balitz, Euskal Ligara zuzenean igoko lirateke mahoneroak, eta, gainera, estreinakoz. Alabaina, bi final dituzte: hirugarren postuan dagoen Elgoibarren aurkakoa, etxean, eta bigarren postuan dagon Intxaurdiren aurkakoa, etxetik kanpo. Taldeko kapitaina da atzean jokatzen ari den Sara Balentziaga (Bergara, 2002), eta denboraldi historiko honen inguruan hizketan aritu da GOIENArekin.  

Goazen hasierara; liga hasi aurretik lider joatea espero zenuten?

Lider joatea guretzat inoiz ez da izan helburu bat, eta, beraz, ez, ez genuen espero. Denboraldiak izan duen bilakaeran emaitza dela esango nuke, helburu txikiak betetzen joan garen heinean lortutako saria. 

Eta taldeak izandako errendimendu horrek badu sekreturik?

Eguneroko lana da. Egia esan, aurreko denboraldiekin alderatuz, zortea izan dugu, jokalari gehienak mantendu ditugulako. Gainera, aipamen berezia egin behar diot Manolo Ortiz entrenatzaileari; zortzi urtez aritu da Bergaran emakumezkoen futbola bultzatzen, eta hari ere zor diogu lortutakoa. Horregatik, aurten emaitzetan ikusi baldin badugu ere, urteetan egindako lana dago atzean.

91 gol sartu dituzue, bigarren talde goleatzaileenak baino hogei gehiago. Fin-fin ibili dira batzuk.

Zenbakiei erreparatuz, kristoren denboraldia egin dugu. Golak sartzearena, gainera, ez da aurrelarien kontua bakarrik izan, taldeko guztiok sartu ditugu golak, eta eskuzabalak izan gara, alde horretatik; nik ere, defentsa izanda, sartu dut bat, ez da gutxi; kar-kar. Eta, defentsa aipatuta, hor ere bikain aritu gara; pozik gaude, beraz.

Noiz ikusi duzue igoera posible?

Egia esan, ez diogu sailkapenari erreparatu; egunerokotasunean hori baino helburu garrantzitsuagoak izan ditugu eta. Denbora luzez lider joan gara, eta hor jarraitzen dugu.

Norbaitek ligako zozketa egin zuenean bazekien zerbait...

Bai, hori ematen du. Egia da bi talderik onenak Elgoibar eta Intxaurdi direla, baina oso liga lehiakorra izan da; Oiartzun, Lagun Onak, Tolosa... oso talde gogorren aurka jokatu dugu, eta ez dute ezer oparitu. Azken bi partidu hauek liga osoan izan dugun nortasun berarekin jokatuko ditugu, beraz.

Lehenengo finala, Elgoibarren aurka, etxean; Intxaurdiren aurkakoa gero etorriko da, ala?

Noski; azken jardunaldietan partiduz partidu joan gara. Intxaurdi gainean dugu sailkapenean, ezin gara erlaxatu, eurek ere ez dute-eta partidurik galdu.

Horren harira, aurretik egotea abantaila ala presioa da?

Bietatik pixka bat. Lider joateak lasaitasun puntu bat ematen du. Hala ere, igoera ez da inoiz denboraldiko helburua izan; lortzen badugu, ongietorria izango da, noski. Amaieran presioa nabaritu dezakegu, baina, orokorrean, lasai gaude; edozer gertatuta ere, denboraldiak bikaina izaten jarraituko du.

Kapitain bezala, lasaitasun hori taldeari helaraztea egokitzen zaizu?

Ez pentsa. Gure aurtengo lema izan ekipo da, eta guztion artean egiten dugu lan hori. Urduritasunak, zalantzak, talde bezala konpontzen ditugu, eta hori guztia okerren kudeatzen duena ni neu naiz; kar-kar.

Asteburuan igoera lor dezakezue...

Guk zapatuan jokatuko dugu eta Intxaurdik, domekan. Hala ere, zapatuan Mahonero Eguna izanda, ez dago aitzakiarik zelaira ez joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak