Memoria historikoa eta literatura politikoa kartzela zaharrean

Eki Letona Erretolatza 2026ko maiatzaren 15a

Sergio Izquierdo eta Javier Martinez, liburuarekin. Argazkia: Angiolillo liburutegia

Angiolillo liburutegiaren eskutik, bi liburu aurkezpen hartuko ditu datozen egunetan Bergarako kartzela zaharrak: bihar, zapatua, Sergio Izquierdoren La hija del verdugo komikia aurkeztuko dute; eta maiatzaren 20an, eguaztena, Mariano Pachecoren Literatura y revolución. Ensayos argentinos lana izango da hizpide. Bi saioak 19:00etan hasiko dira.

Lehenengo hitzordua bihar, izango da. Sergio Izquierdo Bebete egileak La hija del Verdugo komikia aurkeztuko du, Gregorio Mayoral Sendino Burgosko borreroaren inguruko lana. Komikiak Gregorio Mayoral Burgoko borreroa izan zenaren figura jorratzen du, Valentina bere alabren kontakizunen bidez. Aitaren lanbideak eta amaren galerak  markatutako bizitza azaltzen da obran "garrote zitalaren" itzalpean bizi zen familia baten ikuspegitik. 

Gregorio Mayoral 1890 eta 1928 artean Burgosko Auzitegiko borrero titularra izan zen. Aitona ezizenez ezaguna, lau hamarkadatan 60 pertsona exekutatzera iritsi zen; tartean, Michele Angiolillo anarkista italiarra. Antolatzaileen arabera, komikiak proposatzen du "aldi berean aldaratzen eta erakartzen duten pertsona ilun eta kezkagarrien" inguruko hausnarketa. 

Sergio Izquierdo egile konprometitua eta balioaniztuna dela azpimarratu dute antolatzaileek. Komiki-gidoilaria izateaz gain, kazetari alternatiboa, irrati-esataria eta Bigarren Hezkuntzako Historioa irakaslea ere bada. Frantzian eta Polonian aritu izan da irakaskuntzan, eta Polonian 2010eko irakasle onenaren saria jaso zuen. Komikiaren marrazkiak Javier Martinez Sanchorenak dira.

'Literatura y revolución'

Bigarren aurkezpena datorren eguaztenean izango da, maiatzaren 20an, 19:00etan. Mariano Pachecok Literatura y revolución. Ensayos argentinos lana aurkeztuko du. Liburuak Argentinako literaturaren eta politikaren arteko harremana aztertzen du, eta galdera nagusi bat proposatu: Nola politizatzen da idazketa? 

Saiakeran XX. mendeko hainbat egile eta korronte literario aztertzen dira; besteak beste Saer, Puig, Piglia, Fogwill, Gonzalez Tuñón, Viñas, Rozitchner eta Perlongher. Egileak literaturaren izaera politikoa hizkuntzaren lanketan, tradizioaren erabileran eta ahots kolektibo baten eraikuntzan kokatzen du, militantzia edo gai politiko hutsetatik harago.

Literatura kritikoa

Bi aurkezpenekin, memoria historikoa, literatura kritikoa eta pentsamendu politikoa uztartuko dira Bergaran. Angiolillo liburutegiak antolatutako hitzortduok solasaldirako eta hausnarketarako gune bihurtuko dute kartzela zaharra, eta literaturaren eta historiaren bidez gaur egingo eztabaidei begirada bat eskainiko die. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak