"Herritarrei ekarpena egin diezula ikusteak bete egiten zaitu"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 13a

Inazio eta Fernando Etxabarri, martitzen goizean, Etxagi tabernaren aurrean. (Argazkia: I.A.A.).

1986ko maiatzaren 16an ireki zituen ateak Bergarako Etxagi Tabernak, Inazio Etxabarri Agirre (Bergara, 1970) eta Fernando Etxabarri Agirre (Bergara, 1965) anaien eta haien gurasoen –Jabier eta Kontxita– eskutik. Zapatuan beteko dira 40 urte egun hartatik eta herritarrekin ospatuko dute. 

Zapatuan, 12:00etan zabalduko dute taberna eta egun osoan zehar, edariak eta pintxoak doan emango dituzte. 14:30 aldera, argazki erraldoia aterako dute atarian. Urte hauen guztien ibilbidearen errepasoa egiteko egon da GOIENA bi anaiekin ospakizuna baino egun batzuk lehenago.

Etxagi tabernara sartu eta lehendabiziko begi kolpean igartzen da Etxagik baduela lotura berezia musikarekin. The Clash edota The Rolling Stonesen irudiak hormetan; Ramonesen sinadurekin osatutako erlojua. Barraren ertzean elkartu da GOIENA Inazio eta Fernando Etxabarri anaiekin tabernaren urteurrenaz eta orain arteko ibilbideaz hitz egiteko.

Lehendabiziko urte haietako ze oroitzapen dituzue?

Inazio Etxabarri: Eskaiola nuela hasi nintzen; ikasketak utzi berri. 15 urterekin, ume bat nintzen. Kalea oso iluna zen. Hasieran, otorduak ematen genituen, batik bat. Hasieran kostatu egin zitzaigun jende gaztearengana hurbiltzea.

Esan genezake, tabernen "zirkuitutik kanpo" zegoela Etxagi.

Fernando Etxabarri: Lehen, giroa L izeneko zirkuitu hartan zegoen –Komenio kalean eta Bidekurutzeta kalean–. Gure tabernaren aurrean, larruen fabrika zegoen. Etxe hauek egin zituztenean, bidea zabaldu zen, eta horrek asko aldatu zuen. Gure ama sekulako sukaldaria zen, eta berarekin eta Lasa jatetxeko batekin martxan jarri ginen; jatetxe moduan funtzionatzen zuen. Tabernari dagokionez, gure lagunak etortzen ziren, eta horrela hasi ginen. Bidea zabaldu zenean eta fatxada bistan jarri, egoera asko hobetu zen. Nik 20 urte nituen, eta Inaziok 15. Kuadrillak genituenez jendea hasi zen etortzen. Musikak ere lagundu zigun zirkuitu horretan sartzen. Beti musika ona edukitzen genuen. Pentsa, karta ikusten baduzu ogitartekoen edota pizzen izenetan ere musikarien izenak dauzkagu. Musika eta ostalaritza eskutik joan dira beti Etxagin.

I.E.: Eta hortik sortu zen Jam aretoa sortzeko ideia. Ibilbide handia egin dugu musika festibaletan ere. 

"Egubakoitz rock and roll-ero asko izan ditugu"

Zergatik izan du horrenbeste presentzia musikak Etxagin?

F.E.: Ni beste taberna batean hasi nintzen lanean. Piano bat besterik ez zegoen. Gainera, tabernetan ez zen musikarik existitzen, jendeak ez bazuen abesten edo pianoa norbaitek ez bazuen jotzen. Diskoak jartzen hasi ginen, eta etortzen zen jendea ere musika zalea zen. Donostiara joaten ginen, nobedadeak erosi, eta hori ekartzen genuen.

I.E.: Egubakoitz rock and roll-ero asko izan ditugu, eta zapatuan edo eguenean, adibidez, jendeak eskatzen zuena, parrandako musika, jarri izan dugu.

F.E.: Garai haietan, ez zegoen gaueko musika egungoa bezain zehaztua, perreo-arekin eta halako estiloekin. Radio Futura jarri zenezakeen, gero, Rolling Stones, edo Boney M... Zerbitzaria izaten zen DJa. Arima rockeroa geneukan.

Oso lotuta egon zarete musikari.

I.E.: Hemen hasi ginen musikarekin. Fernandok buruan zeukan Jam bezalako zerbait sortzea eta hori egin genuen. Erreferentziazko aretoa izan zen Espainia mailan. Kanpotik kontzertuak ematera etortzen ziren taldeek Bartzelonan, Madrilen eta Bergaran jotzen zuten. Hortik, atera zen Hontza ekoiztetxea, eta Soziedad Alkoholika edota Doctor Deseo bezalako taldeen management-az arduratzen ginen. Oraindik gauzak egiten jarraitzen dugu.

F.E.: Lehen errazagoa zen, baina hemen bertan, tabernara sartu eta ezkerretara, jartzen genuen agertokia. Bergarako talde askok jotzen zuten. Aukera ematen genien hasiberriei.

Inazio Etxabarri, atzean, Txibiston izan ziren Ramonesek sinatutako erlojua duela.

Nolakoak izan dira 40 urte hauek?

I.E.: Aldaketa handiak egon dira da. Hasi ginenean, 15-16 ordu egiten genituen lan egunean. Hemen egoten ginen, eta hemen egon behar zenuen. Amak ere goian egiten zuen lo eguerdian, iluntzean lanean jarraitzeko. Lan pila geneukan. Zenbait kasutan ere zaila izan da, jendearen ohitura aldaketengatik. Orain, egun puntualetan lana gehiago egiten duzu, baina bestela konplikatua da.

F.E.: Lehen egunerokoan, 80ko eta 90eko hamarkadetan, langabezia handia zegoen, baina guztiok genituen paga ematen ziguten gurasoak, eta jende guztiak tabernan gastatzen zuen. 90eko hamarkada amaieran, jendea eskiatzera joaten hasi zen, autoak erosten… Gero, gimnasioen boom-a etorri da. Lehen jende asko egoten zen tabernetan, eta gimnasioetan gutxi; orain, alderantziz. Hori aste barruan behintzat.

Etxagi gaueko taberna izateaz gain, egunekoa ere izan da.

I.E.: Guri bizitza horrek eman digu, azken finean. Hasieran, egunean, 100 menu ematen genituen; orain, asko jaitsi da. Gauean ere aldatu da. Lehen, agian, goizeko zortziak arte edukitzen genuen taberna zabalik. Sekulako parrandak egoten ziren, eta orain, lauak arte, justu-justu, eta ezin dugu itxiera ordua pasa. Gaua aldatu egin da guztiz. Parranda egunera igaro da. Bazkaldu, parranda… Tardeo esaten dioten hori. Lehen goizeko zortziak arte arazorik gabe jendez gainezka egoten ginen.

Jam aretoa ere ekarri duzue gogora.

F.E.: Jam beste kontu bat zen. Kontzertuak emateaz gain, otorduetarako ere prestatu zen. Rocka eta techno-a janariarekin uztartzen lehenak izan ginen. Ideia, ordea, hemendik atera zen. Famatuak egon ziren Jamen, baina han sukalde zerbitzua ere bagenuenez, han geratu ziren, hura hemengo beso bat zen. Han horrelako zerbitzurik ez bagenu eduki, hona etorriko lirateke.

"Horko erloju hori Ramonesek sinatutakoa da. 1991n Txibiston jo zuten eta hemen izan ziren jaten"

Famaturik izan da Etxagin?

I.E.: Hor –barrara sartzeko ate gainean– ikus dezakezun erloju hori Ramonesek sinatutakoa da. 1991n Txibiston [Bergarako San Juan auzoan 1980eko hamarkarkadan zabalik izan zen musika aretoa] jo zuten, eta hemen izan ziren jaten. Fernandok partxe bat hartu zuen, eta sinatu egin zuten, eta erlojua egin dugu.

F.E.: Famatu gehiago ere pasatu dira. Ez dut ondo gogoan, baina Euskal Herriko talde asko elkartu ziren egun batean Txibiston: Hertzainak, Cicatriz... eta guztiak hemen goian egon ziren jaten.

I.E.: Azkenean, Txibistora talde asko ekartzen zituzten, eta musikari gehienek hemen jaten zuten. Sabrina ez zen hona etorri. [Barre].

F.E.: Etxagiren laburpena da janaria (gurasoak) eta musika.

"Gu ordezkatzen gaituen janari bat kroketak dira"

Zuen ama hasi zen sukalde lanetan; haren errezetarik mantentzen duzue?

I.E.: Kroketena. Guztiek dituzte gustuko eta zapaturako 3.000 frijitu egingo ditugu oparitzeko.

F.E.: Gu ordezkatzen gaituen janari bat kroketak dira. Gainera, gure amak egiten zituen, duela 40 urte, eta zaporez berdinak izaten jarraitzen dute. Sukaldariz aldatu dugu; Yolandak urte asko daramatza gurekin. Jendea aldatzen doa, baina errezeta mantentzen da eta oso goxoak daude.

Sekreturik badute?

F.E.: Ez; nire amaren errezeta ondorengoei irakatsi diegu, eta ederra da mantendu egin dela.

I.E.: Nik uste dut gakoa denbora eta dedikazioa direla. Denbora eman behar zaie.

Inazio, haren ama Kontxitarekin.

Zer prestatu duzue zapaturako?

I.E.: Zoritxarrez, ezingo dugu gu garen bezalako zerbait egin; musikarekin, zerbait berezia, eta jendeak inoiz ahaztuko ez lukeen zerbait. Maila handiko musikari eta abeslariak etortzea nahi genuen, baina azken unera arte ez dugu baimenik izan. Horregatik, ezin genuen haiekin konprometitu. Trikitilariak edo txistulariak, eta musika egongo dira. 12:00etan zabalduko dugu, eta 13:00ak aldera hasiko gara pintxoekin. Janari eta edari guztiak doan. Errusiar entsaladilla ere egingo dugu, urdaiazpikoa, gazta… Arratsaldean tortilla patatak ere bai.

F.E.: Eskertzekoa da belaunaldi bat baino gehiago etorri izana 40 urte hauetan. Jendea hemen ezagutu da, orain haien seme-alabak etortzen dira.

Barra atzetik ere jende asko pasatu da.

I.E.: Aurreko batean zenbatzen egon nintzen, eta 150-200 zerbitzari ezberdin? Lehen gazteek tabernan egiten zuten lan diru pixka bat ateratzeko, eta orain, hori ere sekulako aldaketa izan da.

Beste aldaketarik?

F.E.: Lehen, dena poteoa zen. 20 trago hartzen zenituen taberna ezberdinetan edo berean. Merkeagoa zen. Gainera, ardo beltz bakarra zegoen, zuri bakarra… Lehen kañerorik ere ez zegoen.

I.E.:  Aldaketa ekarri zuten, eta orain, ardoaren eta zerbezaren kultura gourmet-agoa bihurtu da. Lehen edalontzi batean dena ateratzen zenuen, eta orain, edalontzi gehiago izan behar ditugu.

"Jendeari eskatutakoa eman diegu, baina guk ere eskaini dizkiegu haiek ezagutzen ez zituzten gauzak"

Hortaz, aldaketetara egokitu zarete zuek ere.

F.E.: Jendeari eskatutakoa eman diegu, baina guk ere eskaini dizkiegu ezagutzen ez zituzten gauzak. Pintxo-potea Gasteizen sortu zen, baina Bergarara guk ekarri genuen. Lau taberna elkartu ginen eta horretan hasi ginen.

Zein da Etxagiren etorkizuna?

I.E.: Ez dakit. Nire bi alabek injinerutza eta irakaskuntza ikasi dute. Eta gauzak dauden bezala… Ezin dizut esan nork jarraituko duen.

F.E.: Nire alaba, adibidez, sukaldari profesionala da. Leku askotan egin du lan, baina orain, sukaldaritza irakaslea da. Ostalaritzan edo ostalaritzako irakasle modura lan egitea konparatzen badituzu, ez dauka kolorerik. Nire alabari asko gustatzen zaio sukaldean aritzea, eta noizean behin etortzen da arra kentzera. Lan polita da tabernakoa eskertzen badizute, baina oso gogorra. Egin behar duguna da, proiektu honetan sinesten duten horiei irakatsi, etorkizunean, Etxagiren filosofiarekin jarraitzeko.

Zer esan Etxagiko bezeroei?

F.E.: Eskerrik asko, eskerrik asko eta eskerrik asko. Hori lehendabizi. Gero, etor daitezela gurekin ondo pasatzera.

I.E.: Haiek gurekin egon dira eta horretaz bizi ahal izan dugu. Herritarrei ekarpena egin diezula ikusteak bete egiten zaitu.

Fernando Etxabarri Ramonesekin, Etxagiko atari kanpoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak