Ernesto Ezpelta Bihurri aizkolariak erronka berezia izan du aurrean: guztira 12 auto aizkoraz moztea. Bere esanetan, inoiz egin gabeko zerbait izan da eta prestaketa handia eskatu dio. "12 kotxe moztu ditut, inork egin ez duen zerbait. Ordubete eta bost minutuan egin dut guztia aizkorarekin. Tailerra nire babeslea da, eta urteurrenerako zerbait berezia egitea proposatu zidaten. Azkenean erronka hau atera zen".
Aizkolariak aitortu du lan gogorra izan dela, auto batzuk bereziki sendoak zirelako: "Batzuk oso gogorrak ziren eta asko kostatu zait, baina lortu dut. Jendeari gustatu zaiola ikustearekin ere oso gustura geratu naiz; erakargarria eta polita izan da".
Ernesto Ezpelta eibartarra da jaiotzez, baina Bergararekin lotura estua duela azaldu du, "aitita bergararra dut, hemen familia eta lagunak ere baditut. Betidanik izan dut lotura handia herriarekin eta niretzat herri kutxuna da Bergara".