Ordubete eta bost minutuan 12 auto moztu ditu Bihurri aizkolariak Bergaran

Eki Letona Erretolatza 2026ko maiatzaren 10a

Giro ezin hobean ospatu du gaur goizean Bergara Pneumatikoak enpresak bere 15. urteurrena. Ekitaldian dozenaka lagun elkartu dira, eta munduko errekorraren bila joan den Bihurri aizkolaria izan da eguneko protagonistetako bat munduko errekorra hausteko saiakerarekin. Horrez gain, goizean zehar auto erakusketa, umeentzako puzgarriak eta pintxo zein edarien eskaintza ere izan dira.

Ernesto Ezpelta Bihurri aizkolariak erronka berezia izan du aurrean: guztira 12 auto aizkoraz moztea. Bere esanetan, inoiz egin gabeko zerbait izan da eta prestaketa handia eskatu dio. "12 kotxe moztu ditut, inork egin ez duen zerbait. Ordubete eta bost minutuan egin dut guztia aizkorarekin. Tailerra nire babeslea da, eta urteurrenerako zerbait berezia egitea proposatu zidaten. Azkenean erronka hau atera zen".

Aizkolariak aitortu du lan gogorra izan dela, auto batzuk bereziki sendoak zirelako: "Batzuk oso gogorrak ziren eta asko kostatu zait, baina lortu dut. Jendeari gustatu zaiola ikustearekin ere oso gustura geratu naiz; erakargarria eta polita izan da".

Ernesto Ezpelta eibartarra da jaiotzez, baina Bergararekin lotura estua duela azaldu du, "aitita bergararra dut, hemen familia eta lagunak ere baditut. Betidanik izan dut lotura handia herriarekin eta niretzat herri kutxuna da Bergara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak