Gaztetxef lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du Jardun Euskara Elkarteak, Elikaenea, Bergarako Udala eta Lacor enpresaren laguntzarekin. Lau talde aritu dira gaur arratsaldean Oxirondo azokan norgehiagoka eta Tripapozik taldea izan da garaile.
Lehia estua eta orekatua izan da lau taldeen artean eta alde txikiarekin izan bada ere, Tripapozik taldeak eskuratu du lehen postua, 172 punturekin. Bigarren sailkatu dira 4 Iñurritxoak, 166 punturekin; hirugarren postuan geratu da Euskal Gourmet taldea, 158 punturekin; eta laugarren izan da Ratatouille taldea, 155 punturekin. Finaleko epaimahaia Anne Otegik, Andoni Etxezarretak eta Marisa Karasatorrek osatu dute, eta guztiek nabarmendu dute gaurko finalean “maila handia” izan dela.
Parte-hartzaileek pasta integral plater bat prestatu behar izan dute, gutxienez lau barazkirekin. Oinarrizko osagaiez gain, talde bakoitzak nahi beste espezie eta osagai gehigarri erabiltzeko aukera izan dute.
Arratsaldeari hasiera emateko, taldeek platera prestatzeko behar zituzten osagaien erosketak dituzte. Ondoren, 50 minutu izan dituzte sukaldatzeko. Azkenik, epaimahaiaren aurrean platerak aurkeztu ostean, sari banaketa egin dute.