Amestutako denboraldia ari da egiten emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako futbol taldea, eta "hiru final handi" geratzen zaizkie aurretik, Sara Balentziaga kapitainaren esanetan. Euskal Ligarako igoera gertu-gertu dute. Sailkapenean lider dira mahoneroak, 64 punturekin, eta Intxaurdi da bigarrena, hiru puntu gutxiagorekin. "Uste dut taldeko kide bakoitzaren ametsa lortzen ari garela eta oraindik bidean gaudela. Asko daukagu disfrutatzeko, baina, atzera begiratuta ere, oso harro gaude egin dugun guztiagatik. Igoera eskura daukagu", dio Balentziagak.
Azken hiru jardunaldi
Joan den asteburuan, 12-0 irabazi zioten, Agorrosinen, Aiztondori, eta domekan, 12:30ean, indarrak neurtuko dituzte, Oiartzunen, sailkapenean zazpigarren postuan dagoen taldearen kontra: "Oso talde gogorra da. Inoiz ez dizkigu gauzak erraz jarri, baina nahikoa baliabide, entrenamendu eta estrategia dauzkagu aurre egiteko. Dena ematera aterako gara".
Datorren astean jokatuko dute denboraldi honetan azken aldiz etxean, eta Elgoibar izango dute kontrario; Pentekosteetako asteburuan, berriz, kanpoan, Intxaurdi: "Espero dugu amaiera polita izatea".