Monoplaza eta turismo kategorietan banatuta, 44 piloturen igoeraz gozatzeko aukera izango da bihar, Gorlan. 14:00ak aldera moztuko dute errepidea eta 15:00etan hasiko da entrenamendu manga; sarrerak 10 euro balio du.
Hamar pilotu debagoiendar
Aitor Zabaleta (Lola BMW T-298), Aitor Zabaleta Jr (BMW M3 E46), Ander Sarrao (BMW M3 E46), Paul Mera (Seat Leon 1,8T), Iñigo Errasti (Renault Clio Sport), Ioseba Muguruza (BMW 323i E46), Jokin mellado (BMW 323i E36), Alberto de Lucas (Renault R5 GT Turbo), Aitzol de Lucas (Seat Ibiza 1.9 TDi) eta Alaitz Urkiola (Peugeot 26 GTI) dira parte hartuko duten pilotu debagoiendarrak. Debagoiendarren artean faboritoak, Zabaleta aita semeak dira. Aitak, 2024ko edizioan, garaipena lortu zuen monoplazetan, hain zuzen. "Zabaleta, hainbatetan izan da Espainiako txapelduna, eta aukera polita izango da bere auto berezia gure errepideetan martxan berriro ikusteko", dio Xabier Zabaletak, Gorla Racingeko antolakuntza taldeko kideak.
Bestalde, turismoetan lehiatuko duen semea, kategoria horretako liderra da Euskadiko Mendi Txapelketan –105 punturekin–. Postu hori mantenduko ote duen ikustea ere izango da proba honetako beste pizgarri bat.
Goi-mailako pilotuak
Zabaleta aita semeek ez dute lan erraza izango ordea. Monoplazetan, iazko garailea, Aitor Manso Gorlan izango da; baita Josu Beita, sailkapen nagusiko liderra ere. Bestalde, turismoetan iazko garaile, Igor Urien, eta Zabaleta Jr-ri denboraldi hasiera zaildu dion Bruno Scherer ez dira Gorlan izango. Horrenbestez, Lebeiti, Alberto Marcos, Lucas Scherer edota Paul Mera debagoiendarra gertu ibili izan daitezke.
Iazko bide beretik
Aurtengo igoera, iazkoaren bide beretik datorrela esan daiteke. Ez dago beste munduko berrikuntzarik baina Xabier Zabaleta antolatzaileak pilotuen maila altua nabarmendu nahi izan du: "Zerrenda polita osatu dugu aurtengo edizioan. Berezia izango da proba, eta auto-pilotuen maila handia da; ikuskizun politaz gozatu ahal izango dute zaleek". Bestalde, urteroko mezu bera zabaldu nahi izan du probako antolatzaileak: "Bihurguneetan egongo diren komisarioei eta bolondresei kasu egitea, eta, bide batez, mendi ingurua garbi uztea, bi eskakizun horiek dira urtero errepikatzen ditugunak".
Amaitzeko, zera azpimarratu nahi izan du Xabier Zabaletak: "Lau pertsonen urte guztiko lanaren emaitza da Gorlako auto igoera. Baina eskertzekoa da lasterketaren egunean, bolondresek egiten dute lana ere".