Badator bigarrenez Bergara dantzan jarriko duen ekimena, herriko bost talderekin

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 8a

Camden Dance Studioko Camdem Vives taldea, iazko Bergarako Dantzaren Egunean.

Dantza eskola, Taupa, Abarka, Moisez Azpiazu eta Camdem kalera irtengo dira domekan, Dantzaren Egunean. Ikuskizun ibiltaria 11:30ean hasiko da Laboratoriumean; Ariznoa plazan, 12:15ean, eta Munibe plazan, 13:00etan ere dantzatuko dute.

Apirilaren 29an ospatzen da Dantzaren Mundu Eguna, baina Bergaran Dantzaren Egun propioa dute iaztik. Domeka honetan ospatuko da bigarren edizioa –maiatzak 10–, eta Bergarako bost dantza taldetako 200 pertsona inguruk ikuskizun ibiltaria egingo dute kalean, euren askotariko dantzak herritarrei erakusteko asmoz.

Ikuskizuna 11:30ean hasiko da, Laboratoriumen. Handik Ariznoa plazara joango dira, Musika Eskolako trikitilariekin kalejiran. Amaitzeko, 13:00etan, Munibe plazan dantzatuko dituzte azken koreografiak –euria egiten badu, pilotalekuan egingo dute saio osoa–.

Bost dantza talde

Bergarako Dantza Eskola, Taupa Dantza Taldea, Abarka Dantza Taldea, Moises Azpiazu eta Camdem Dance Studio izango dira bigarren edizio honetako parte hartzaileak; talde bat gehiago iazkoarekin alderatuz, Abarkakoek parte hartuko duten lehen aldia izango baita. "Gonbidapena egin zigutenean ez genuen dudarik izan, oso talde animosoa gara eta. 18 eta 70 urte bitarteko hamabost lagun inguru ariko gara dantzan, eta gogotsu gaude", esan du Abarka Dantza Taldeko kide Janire Urbietak.

Beste lau taldeek ere iazko "harrera ona" ikusita ez dute aurten errepikatzeko aukera galdu nahi izan: Camden Dancetik 60-70 dantzari ariko dira, eta jende gehien eramango dituen taldea izango da; Moises Azpiazutik, bestalde, 55 dantzarik hartuko dute parte; Bergarako Musika eta Dantza Eskolatik 50 lagun ariko dira; eta Taupa Dantza Taldetik, zortzi.

Dantza bultzatzeko ekimena

Bergarako Udalaren ekimenez, iaz egin zuten Dantzaren Eguna estreinakoz. Herriko dantza taldeek erakusleiho bat izan zezaten sortu zuten eguna, eta, bost taldeen ustez, "oso ideia ona" izan zen; guztiak "eskertuta" daude Udalarekin.

"Dantzaren Eguna elkartasun eguna da guretzako; beste talde batzuekin egon eta disfrutatzekoa", azaldu du Camden Dance taldeko Olmar Elejagak. Musika eta Dantza Eskolako Eneko Galdosek dio ekimen horrek "mitoak ezabatzeko" balio duela: "Batzuek uste dute gure artean konpetentzia dagoela, eta ez da egia. Erraz egin dugu lan elkarrekin, eta egun ederra izango da".

Abarkako Janire Urbietak esan du herriarentzat ekimen "aberasgarria" izango dela: "Talde bakoitzak dituen askotariko estiloak erakusteko aukera ederra izango da". Taupako Ane Arenazak, berriz, ekimena kalean egitearen onura nabarmendu du: "Bertatik pasatzen denak gu ikusi eta dantzak ikusteko erabakia hartu dezake". Azkenik, Moises Azpiazuko Maite Lazkanok herritarrendako gonbita egin du: "Herri mugimendu bat izango da domekakoa; egun alaia. Horregatik, batez ere dantzari gazteenek asko eskertuko dute publikoaren inplikazioa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak