Bergarako EAJk proposatu du 2026ko udal gerakinak Martokoa auzoaren berrurbanizazioa aktibatzeko bideratzea

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 5a

Bergarako EAJK Martokoa auzoa "abandonu" egoeran dagoela salatu eta berrurbanizazio proiektua "berehala martxan jartzea" eskatu du.

Jeltzaleek adierazi dute proiektu hori 2018an hasi zirela lantzen, EAJ udal gobernuan zegoela, eta bizilagunekin batera hainbat proposamen eta inbertsio maila jarri zituztela mahai gainean: "Zortzi urte geroago, obrak hasi gabe eta data argirik gabe jarraitzen dute, bizilagunekin hartutako konpromisoak gorabehera". EAJk azaldu duenez, egoerak "plangintza eta lehentasun politiko eza" adierazten du: "Martoko auzoa ez dago Udal Gobernuaren agendan. Bigarren maila batean utzi dute bi legealditan, jarduteko baliabideak eta aukerak izan dituzten arren".

Kepa Sebal bozeramaileak azpimarratu du ez dela onargarria zortzi urte eta "iragarki askoren ondoren, Martokok itxaroten jarraitzea. Benetako hobekuntzak behar dituen auzo bati buruz ari gara, ez kanpainaz kanpaina errepikatzen diren eta inoiz gauzatzen ez diren proposamenei buruz".

EAJk gehitu du, orain arte egindako proposamenek ez dietela herritarren benetako beharrei erantzun, eta  aparkalekuen galera, berdeguneen murrizketa edota egoiliarren eguneroko bizitzara egokitutako irtenbideen falta mahaigaineratu dituzte.

Sebalek azpimarratu duenez, "Bergarak ezin du denbora pasatzen uzten jarraitu. Baliabide erabilgarriak eta premia argia daude. Arduraz jokatzeko eta zain denbora gehiegi daraman auzo bati erantzuteko unea da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak