Proiektu honekin Urteaga kaleko gaur egungo bidegorriari jarraipena emango zaio. Urteaga kaleko etxeak bukatzen direnera arteko zatia egin du, faseka, eta Urteaga kaleko Arregi Aroztegi zaharraren aurretik pasatzen den zatia geratzen da orain egiteko; bosgarren eta azken fasea izango da. Egungo errepidearen errail bat bidegorria izatera pasako da, eta semaforo bidez bideratuko da ibilgailuentzako errail bakarreko zirkulazioa bi noranzkoetan. Udalak azpimarratu du ibilgailuen trafikoarekin bateragarritasuna bermatuko dela eta segurtasuna lehenetsi.
Egingo dituzten esku-hartzeen artean daude bidegorriaren egokitzapena eta seinaleztapena, argiztapenaren hobekuntza, irisgarritasun neurriak eta segurtasuna eta trafikoaren antolaketa hobetzeko elementuak instalatzea.
Bergarako Udaleko hirigintza zinegotzi Markel Azkargortak adierazi du, "duela urte asko hasitako proiektu honi bukaera emango diogu azken fase honi esker. Bergara jasangarriago bat eraikitzeko lanean dihardugu, eta bidegorri honek norabide horretan lan egiten du. Azken lotura honekin Antzuolara bizikletaz joan ahalko gara modu seguru batean".