Beart elkartearen eta Kortsarioen Galeriako kideen arteko lehen topaketa 2013ko apirilaren 13an izan zen, Baionan egindako 39. marrazketa maratoian. Ordutik, elkartrukeak egin izan dituzte. Hala, Baiona Ttipian dagoen galeriako lanak Bergarara ekartzen dituzte; eta bueltan, hara joango dira Beart-ekoen lanak.
Aurreko eguenean zabaldu zuten Aroztegin dagoen bilduma. Baionako artistak ekitaldian egon ziren, eta Gorka Iturbe alkatearen eta Maite Usabiaga zinegotziaren ongietorria jaso zuten. Herritarrak ere gerturatu ziren ekitaldira. "Urtero Kortsarioen Galeriako sortzaileekin egiten dugun sormeneko elkartruke eta elkarlana ezinbestekoa da Bergarako artista sortzaileendako", esan zuen ekitaldia Beart-eko presidente Unai Azkaratek.

Ordutegia
Erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 17ra arte, honako ordutegiarekin: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30, zapatuan 12:00-14:00 eta 18:00-20:00; eta domeka eta jaiegunetan, 12:00-14:00.