Eguen iluntzetik egubakoitz iluntzera izan dira jaiak Bergarako Labegaraieta auzoan, maiatzaren 1ean izaten dira eta. A eta B planak zituzten eginda, euriaren iragarpena kontutan hartuta. Azkenean, baina, A plana jarraitu eta kanpoan egin dituzte antolatuta ekintza denak.
Egubakoitz arratsaldeko krosak, jolasek, txokolatadak eta erraldoiek herritar asko erakarri dute. Ilarak egin dira aurpegia margotzeko txokoan, eta jolasetan, lehia polita egon da auzotarren eta kaletarren artean. Eguerdiko luntxean eta Nebar taldearen zuzenekoan ere batu da jendea kiroldegi aurrean. Bezperako eguna, eguena, DJ Arnok itxi zuen, auzotarrak dantzan jarri zituen musika eskainiz. Iluntzeko patata tortilla lehiaketan, berriz, bederatzik hartu zuten parte; "denak oso itxura onekoak", epaimahaikideen esanetan. Arrasateko Sambamaña batukadak girotu zuen lehiaketa.