Duela hiru urte iritsi zitzaion Philips Symfonie Orkest-en zuzendaria izateko aukera, eta, ordutik hona makina bat kontzertu eman badu ere, biharkoa berezia izango da: Bergarako San Pedro parrokiara ekarriko du haren orkestra, eta Bilboko Koralarekin batera egingo du emanaldia, 19:00etan.
Maiatzaren 2a egun berezia izango da; Herbehereetako orkestra Bergarara ekarriko duzu.
Bai; San Pedron eta herritarren aurrean zuzentzeko aukera izango dut. Nire orkestrarekin batera Bilboko Korala etorriko da, eta, alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiot Udalari, hau antolatzeagatik. Gainera, gogoan dut Bergarako bandan jotzen nenbilela nire lehen kontzertua San Pedron izan zela. Horregatik, Bergarako musika eskolan ikasitakoagatik eskerrak emateko modu bat izango da kontzertua.
Hiru urte daramazu Philips Symfonie orkestraren zuzendaritzan; nolatan amaitu duzu han?
Ez naiz atzerrian orkestra baten zuzendari lanetan dabilen euskaldun bakarra, ez pentsa. Philips Symfonie orkestran zuzendaria behar zutela ikusi nuen, eta ia urtebeteko proba egin nuen; ordutik, eurekin nabil. Egia esan, nire ametsa zen horrelako orkestra bat zuzentzea. Oso gustura nabil; profesionalki esperientzia aberasgarria izaten ari da, gainera. Hala ere, lan handia eskatzen du; orkestra semiamateurra den arren, oso estruktura profesionala dauka eta exijentzia-maila oso handia da.
Bergarakoaz gain, beste kontzertu batzuk emango dituzue?
Bai, Bergarakoaren aurretik, Bilbon eta Donostian joko dugu. Nire lehenengo bira da honako hau, eta oso esperientzia aberasgarria izaten ari da, nik ezagutzen ditudan tokiak besteei erakusten ari naizelako.
Nola moldatu zarete entseguak egiteko?
Geuk geure aldetik prestatu dugu eta Bilboko Koralak, bere aldetik; azken entseguan elkartuko gara guztiok. Nik neuk entsegu bat egin dut koruarekin, eta ikusten da prestatuta daudela; oso ondo abesten dute.
"Oso gustura nabil, profesionalki esperientzia aberasgarria da orkestra zuzentzea"
Eta nondik dator kontzertu hori antolatzeko ideia?
Iñigo Alberdirekin batera planteatutako kontzertua da. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, Koraleko zuzendaria izandakoa da hura. Geu bakarrik etorriko bagina, jendeak ez gintuzke ezagutuko, eta Alberdik hori guztia lotu du. Euren 140. urteurreneko ospakizunekin egingo dugu bat; orain, Carmen Martinez dabil koruko zuzendaritzan, eta elkarlan berezia izango da. Ohorea izango da eurekin jotzea. Gainera, ekainean eurak etorriko dira Eindhovenera.
Hendriks, Francis Poulenc eta Dmitri Xostakovitx artisten obrak joko dituzue. Zergatik aukeraketa hori?
Alde batetik, konpositore herbeheretar baten obra ekarri nahi genuen; horregatik, duela gutxi Hendriksek guretzat idatzitakoa ekartzea erabaki dugu. Bestalde, korurako Poulenc aukeratu genuen. Orkestrari begira, Xostakovitx aproposa da, musikariek egin dezaketena erakutsi ahal izateko. Kontraste bezala ondo funtzionatzen dute biek; Poulenc ironikoa eta arina da; Xostakovitx, berriz, beste kalibre bateko pieza bat da, sakonagoa.
Urduritasun punturik baduzu?
Ez, lasai nago. Denok parrokian sartuko ote garen da nire kezka nagusia [Barre]; niri baiezkoa esan didate. Goizez joango gara, herria ezagutzeko bisita turistikoa egingo dugu eta elkarte batean bazkalduko dugu; egun polita izango da. Espero dut jendeak erantzutea eta kontzertura ikustera etortzea, emanaldiak merezi izango baitu.