Kontzertu bereziarekin borobildu dute XXII. Apirilean Musika egitasmoa

Ibai Irasuegi Garai 2026ko apirilaren 26a

Bergarako Musika eta Dantza Eskolako orkestra sinfonikoak eta San Joxepeko abesbatzak kontzertu berezia eman dute gaur arratsaldean Usondo parkean. Apirilean Musika egitasmoaren azken emanaldia izan da, eta, parkea jendez beteta zegoela, Jose Miguel Laskurainek zuzendutako hamar kantu interpretatu dituzte musikariek; ekimenari amaiera borobila emanez.

Aste osoko egitaraua izan dute Bergarako Musika eta Dantza Eskolako neska mutilek apirilaren 20tik 26ra bitartean, eta musika eta dantza emanaldiak, kontzertuak, solasaldiak eta bestelako ekimenak egin dituzte XXII. Apirilean Musika egitasmoaren bueltan. Gaur, domeka, izan da egitarauaren azken eguna, eta bi emanaldi berezik eman diote amaiera aurtengo edizioari. 

Lehena 12:30ean izan da, eta Bergarako musika bandak kontzertu didaktikoa jo du Txus Arriaranek zuzendutako banda gaztearen eta M. Jesus Ugaldek zuzendutako Haurren Abesbatzaren laguntzarekin. Lepo bete da frontoia, jendeak txaloz saritu du eguneko lehen emanaldia.

Kontzertu berezia Usondon

Musika eta dantza eskolako orkestra sinfonikoaren txanda izan da arratsaldean. Usondo parkean hasi da kontzertua arratsaldeko seietan, eta Jose Miguel Laskurainek zuzendu du emanaldia. Kontzertu berezia izena jarri diote egitarauean, izan ere, 40 kidez osatutako Bergarako, Arrasateko, Oñatiko, Urretxuko eta Zumarragako orkestra bat sortu dute emanaldirako.

Guztira hamar pieza jo dituzte San Joxepeko abesbatzaren eta inguruko herrietako musika ikasleen partaidetzarekin: hain zuzen, Abide with me, Inno di giove, Galop, Brandle des chevaux, Hego baltsa, Eperra, Baloreak, Viva la vida eta Gogoaren baitan. Egitasmoari amaiera jartzeko emanaldi perfektua izan dela adierazi du Aritz Alustizak, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak: "Gaur egin duen eguraldiarekin leku honetan kontzertu bat egitea ederra izan da. Ezin dugu ezer gehiago eskatu".

Balorazio ona

Alustizak adierazi duenez, aste osoan zehar jende asko mugiarazi du egitasmoak, eta antolatutako ekintzek arrakasta handia izan dute: "Herritarren harrera ikusia, nabari da Bergara kultura zaintzen duen herri bat dela eta harrobi indartsu bat daukala bai musikan eta bai dantzan". 

Apirilean Musika egitasmoa amaitu bada ere, musika eta dantza eskolako ikasturtea ez da oraindik amaitu. "Maiatzean eta ekainean kontzertu eta dantza emanaldi batzuk izango ditugu, eta Debagoieneko XXI. Trikitixa egunaren antolatzaileak izango gara. Beraz, ez gara geldirik egongo". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak