Domekan amaituko da Apirilean Musika ekimena, kontzertu berezi batekin

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 24a

Apirilean Musika ekimenaren baitan egindako 'Lurraren doinuak: Atlantiko folklorean barrena' emanaldia. (Argazkia: Aritz Alustiza)

Kantu kontzertua, Debagoieneko musika eskolen kontzertua eta Lander Mujika biolin jotzailearen emanaldia izango dira gaur ikusgai. Domeka izango da egitasmoaren egun berezienetako bat, Bergarako musika bandak kontzertu didaktikoa joko du eta Musika eta Dantza Eskolako orkestra eta San Joxepeko abesbatzak amaiera kontzertu berezia joko dute. 

Astelehenean hasi zen aurtengo 2026ko Apirilean Musika. Ekimena antolatzen den 22. aldia izan da, eta dagoeneko historia handia duen egitasmoa dela azaldu du, pozik, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako zuzendari Aritz Alustizak: "Dagoeneko historia handiko ekimena da, bai. Gutxitik hasi zen eta denborarekin hazten joan den egitasmoa dela esango nuke. Gainera, azken urteetan emanaldi kopuruan baino gehiago, haien kalitatean hazi da. Ikasleen emanaldiak geroz eta zainduagoak izaten dira".

Ikasgelatik, kalera

Alustizak azaldu duenez, ikasturtearen hasieran barne lanetan ibiltzen dira ikasleak, eta Apirilean Musikak haien lana kalera ateratzeko helburuarekin antolatzen dute: "Ikasturtea udazken partean hasten dugu, eta lehen hilabete horiek sukaldeko lanetan pasatzen dute ikasle zein irakasleek. Udaberriarekin batera horrelako egitasmo bat antolatu nahi izaten dugu, barruan egin dugun lan hori kalera ateratzeko".

Hasiera polita

Dagoeneko hainbat emanaldi egin dituzte egitasmoaren barruan. Orain artekoaren balorazio positiboa egin du Musika eta Dantza Eskolako zuzendariak, eta kaleko emanaldietan eguraldia lagun izatea pozgarria izan dela azpimarratu du.

Egitasmoaren lehen txanpa honetan egindako hainbat emanaldik irudi oso politak utzi dituzte, eta, horren adibide gisa, helduen taldeak astelehenean San Joxepe elkarteko terrazan emandako kontzertua jarri du zuzendariak: "Astelehenean, adibidez, helduen taldeak erretiratueneko terrazan jo zuen, eta oso giro polita sortzea lortu genuen elkarrekin". Beste emanaldiek ere herritarren harrera beroa izan dute, eta ohikoa izan da Seminarixoa eta halako aretoak jendez lepo ikustea.

Azken txanpan sartuta

Hasiera duen guztiak du amaiera, eta Apirilean Musika ez da salbuespena. Azken txanpa honen bueltan, gaur, hainbat emanaldi egingo dituzte. 18:30ean kantu kontzertua egongo da ikusgai, Seminarixoan. Bergarako mugak ere gaindituko ditu ekimenak, eta ordu berean Antzuolan egingo den Debagoieneko musika eskolen kontzertuan izango dira Bergarako Musika eta Dantza Eskolako hainbat ikasle. Eguna amaitzeko, berriz, Lander Mujika biolin jotzailearen emanaldia antolatu dute, 20:00etarako, Seminarixoan.

Hala ere, domekan helduko dira emanaldi berezienak. 12:30ean izango da lehena, Udal Pilotalekuan. Bergarako musika bandak kontzertu didaktikoa joko du bertan, eta, horretarako, Txus Arriaranek zuzendutako Banda Gaztearen eta M. Jesus Ugaldek zuzendutako Haurren Abesbatzaren laguntza izango dute. Bergarako Musika Bandako zuzendari Enrike Txurrukak azaldu duenez, urteak dira emanaldi hori Apirilean Musika egitasmoaren barruan antolatzen dela: "Badira urte batzuk kontzertu hori Bergarako Musika eta Dantza Eskolaren Apirilean Musikaren barnean kokatzen dugula eta haiekin elkarlanean prestatzen dugula. Izan ere, eskola da herriko talde nagusien harrobia, eta taldeak dira eskolako ikasleen helburu".

Emanaldia haurrei zuzenduta egongo den arren, "musikaz gozatu eta ikasi nahi duen edozeinentzat interesgarria" izango dela dio Txurrukak. "Ikusleek, haur zein nagusi, banda barrutik sentitzeko aukera izango dute. Obraren bat musikarien ondoan jarrita bizi ahalko dute", gaineratu du.

Kontzertua berezia

Domekan bertan amaituko da egitasmoa, eta, horretarako, kontzertu berezia egingo dute, 18:00etan, Usondo parkean. Musika eta Dantza Eskolako orkestra eta San Joxepeko abesbatza izango dira bertan protagonista. "Orkestrari bultzada eman eta, bide batez, adin askotariko jendearekin zerbait antolatu nahi genuen. Erretiratuekin lankidetzan gabiltza, eta bertara joaten gara eskolak ematera. Bagenekien abesbatza zutela, eta, orkestra formatuan, abesbatza batek lagundutako emanaldia egin nahi izan dugu", azaldu du Alustizak.

Orkestraz gaindiko lagunak ere izango dira parte hartzen: "Eskolako orkestran hogei haur inguru daude, baina zerbait handiagoa egin nahi genuen. Horretarako, orkestran parte hartzen ez duten ikasleek errepertorioa prestatu dute, eta Arrasate, Oñati zein Zumarragako ikasleak ere etorriko dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak