Zergatik da garrantsitsua osasun mentala nerabezaroan lantzea?
Nerabezaroa aldaketa handiko garaia da. Askotan, nerabeek ere ez dituzte ulertzen gertatzen zaizkien gauzak, edo sentitzeko modu ezberdinak agertzen zaizkie. Batzuek modu osasuntsuan egin diezaiekete aurre aldaketei, baina beste batzuek zailtasun gehiago dituzte eta laguntza behar dute. Gurasook edo gazteen inguruan egon gaitezkeen helduok ere jakin behar dugu gazteei laguntzen, modu osasuntsuan aurre egiteko egunerokotasuneko egoerei edo gatazkei.
Emozioen ezegonkortasuna landuko duzue.
Gazteekin hitz egitean, tristura, apatia eta halako emozioak agertu daitezke. Haiek ere ez daukate hain argi zergatik sentitzen diren horrela. Egia da gaur egun haiendako informazio-iturria sare sozialak direla. Geroz eta gehiago hitz egiten da osasun mentalari buruz, eta informazio asko dago sare sozialetan. Imajinatu... Triste banabil, egoera horretan dauden pertsonak jarraitzen hasten naiz. Batzuek egiten dutena da horrelako emozioak indartu. Horrela, nerabea buklean sartzen da, eta garrantzitsua da beste tresna batzuk ematea horrelako egoeretan hobeto sentitzeko.
"Jarrera aldaketak denboran mantentzen direnean hasi beharko ginateke kezkatzen"
Ze tresna dituzte gurasoek eskura seme-alabei laguntzeko?
Gurasook ezagutzen ditugu gure seme-alabak. Agian, nik ez dakit zer gertatzen zaion, baina seinaleak ikus ditzaket. Hortaz, beste aldera begiratu beharrean, informazioa lortu beharko genuke. Adibidez, lehen baino gutxiago hitz egiten badu gurekin, tristeago badago, etxera sartzen denean gelara badoa zuzenean... Ikastetxearekin edo eskolaz kanpoko ekintzetako arduradunekin hitz egin daiteke, ikusteko ea haren bizitzako beste esparru batzuetan ere horrelako jarrera-aldaketak detektatu dituzten. Adinaren arabera, pediatrak edo medikuak ere badaude gure zalantzak argitzeko. Zenbat eta arinago martxan jarri, orduan eta errazago bideratuko ditugu egoerak.
Egoera noiz bihurtzen da kezkagarri? Jarrera aldatzen denean?
Aldaketak negatiboak direnean, eta, gehienbat, denboran mantentzen direnean. Aldaketa batzuek astebete iraun dezakete. Agian, lagun batekin haserretu da, konpondu egiten du eta aurrera egiten du. Jarrera eta umore aldaketak. denboran mantentzen badira, orduan hasi beharko genuke kezkatzen eta informazioa bilatzen. Noski, aldaketak positiboak ere izan daitezke, eta hori ona da.
Aldaketa negatibo bat gertatzen bada, zer ez litzateke egin behar?
Zerbait nabaritzen dugunean, ezer ez egin. Horrek ez du esan nahi irtenbidea gurasoaren esku dagoenik, edo badakiela zer egin behar duen. Normalena da ez jakitea nondik hasi. Galdetzea zerbait egitea da, martxan jartzea. Desegokiena da pentsatzea bakarrik konponduko dela. Batzuetan, bai; beste batzuetan, ez. Seme-alabek ikusi behar dute laguntzeko eta entzuteko prest gaudela.
Garrantzitsua da komunikazioa.
Komunikazioa entrenatzen den zerbait da. Oso garrantzitsua da seme-alabekin hitz egiteko ohitura sortzea gure familietan. Elkarrekin gaudenean, afalorduan, adibidez, telebista ikusi beharrean egunari buruz hitz egitea. Nerabezaroan komunikazioan aldaketak gertatzen dira, erreserbatuago bihurtzen dira, eta ez dizkigute horren- beste gauza kontatzen. Hitz egiteko ohitura badute eta benetan zerbait garrantzitsua gertatzen bazaie, badakite nola hitz egin gurasoekin. Helduok onartu behar dugu gure seme-alaben hitz egiteko modua aldatu egingo dela nerabezaroan.