Solasaldiak, hausnarketak eta jolasak, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 24a

Belaunaldien Arteko Egunean kartetan, iaz. (Argazkia: B.A.K.).

Belaunaldien Arteko Eguna ospatuko dute eguaztenean adinekoek eta ikasleek.

Apirilaren 29an izango da Belaunaldien Arteko Eguna, eta Bergarako Adinekoen Kontseiluak dinamizatuta hainbat ekintza egingo dituzte egunean bertan herriko eskoletan. Egitaraua joan den apirilaren 14an ikasleek adinekoekin egindako kafe-tertulietan ateratako ideietatik zehaztu zuen Kontseiluak, apirilaren 15ean egindako bileran. "Kafe-tertulia oso ondo joan zen. Balorazio oso positiboa egin genuen. Egon ginen Angiozarren, San Joxepeko Arin zerbitzuan, Eguneko Zentroan, San Martin Eskolan eta Mariaren Lagundian. Oso esperientzia aberasgarria izan da", dio Bergarako Adinekoen Kontseiluko dinamizatzaile Paloma Martinezek.

Gainera, gehitu du adinekoek uste dutela gazteek ez daukatela interes berezirik eurek esan nahi dutenaren inguruan, baina ikusten dutenean gazteek arretaz entzuten dietela, adinekoengan ikuspuntu aldaketa sorrarazten duela.

Ikastetxeetan ekintzak

Belaunaldien Arteko Eguna ikastetxeetan ospatuko dute, eta saio irekiak izango dira. Angiozarko eskolan, esaterako, 10:00etan hasita, hiru txoko jarriko dituzte. Batetik, josteko tailer bat emango du emakume batek. "Kafe-tertulian batek esan zuen gustatuko litzaiokeela erakustea nola josten den. Uste du galtzen ari den gauza erabilgarri bat dela", dio Martinezek. Bestetik, hango ikasleek bideojoko bat erakutsiko diete, eta beste talde batek "programatutako Lego bat" erakutsiko die.

Hamarretakoa egingo dute Angiozarko elkartean, eta une hori aprobetxatuko dute taldeetan banatu eta eskolaren bilakaeraz hitz egiteko belaunaldien artean: egondako aldaketak, askatasuna, generoa... Goiza elizako arkupeetan amaituko dute, txapan eta tokan jokatzen.

Ekintzak irekiak izango dira, eta nahi duten helduek bertaratu ahal izango dute"

Aranzadi Ikastolan, berriz, Osintxuko adineko pertsonekin elkartuko dira LH-4ko eta DBH-1eko ikasleak, 11:00etatik 12:00etara bitartean. "Osintxun proposatu zuten garai bateko tortolosak eta kromoak erakustea. Bakoitzak etxean topatu ditu bereak. Gero, kartetan jokatuko dugu. Datozenez gain, beste norbaitek etorri nahiko balu, 10:30ean elkartuko gara Aranzadin taldeak egiteko".

Mariaren Lagundian, aldiz, Arin zerbitzuko hamabi era- biltzaileek LHko bosgarren mailakoekin bingoan eta kartetan ibiliko dira, 10:30etik 11:30era bitartean.

Azkenik, San Martin AgirreHerri Eskolan 10:30etik 11:30era bitartean karta-jokoan arituko dira. Horretaz gain, hausnarketa bat sustatuko dute: "Aurkezten garenean, haien aiton-amonen inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu. Galdetu nahi diegu ea ezagutzen duten haien historia, zein izan zen haien lana, eta halako kontuak. Informazioa baldin badute, besteekin partekatu ahal izango dute, eta ez badute, jakin-mina piztea da helburua. Etxean aitona-amonei edo inguruko jendeari galdetzea".

Martinezek herritarrak Belaunaldien Arteko Eguna ospatzera animatu ditu: "Azkenean, adinekoekin daukagun harremana, batez ere, zaintzatik bideratutakoa da. Eguna baliatu dezatela, zelanbait, hortik ateratzeko".

Kontseilua, lanean

Bergarako Adinekoen Kontseiluak lanean jarraitzen du, eta hileko hirugarren eguaztenean elkartzen dira udaletxean. Iaz, bizikidetzaren eta bakardadearen gaiak jorratu zituzten, eta bakardadea lantzen duen taldetik atera da eguazteneko egitaraua. "Ondorio nagusia da Kontseiluko adinekoek ikusi zutela bakardadea ez dela adin batean bakarrik agertzen. Denoi eragiten digun zerbait da, eta ezin du kolektibo edo adin batek bakarrik landu. Denon inplikazioa behar dugu, eta belaunaldiartekotasun horrek emango du indarra bakardadeari aurre egiteko. Ez adinekoei bakarrik, baizik eta guztioi", azpimarratu du Martinezek.

Halaber, urriaren 1ean Adineko Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta egun horretarako ekintzak antolatzen ere badabiltza. Iaz, Usurbilen izan ziren adinekoak, bizitzeko ereduak ezagutzen, eta aurten solasaldia egingo du Matia Institutuko ikerlari Andrea Pozok; Gipuzkoako eta hemendik kanpoko ereduei buruzko xehetasunak emango ditu: "Talde txikiak egingo ditugu, esperientziak partekatzeko eta herritarren kezkak eta interesak ezagutzeko. Erakusketa txiki bat ere egin nahi dugu, eredu horien inguruan informazioa helarazteko eta erakusteko herriari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak