Promesen mailako partidak kolore bakarra izan zuen. Markel eta Julen Salaberria anaiek erakustaldia eman zuten Aldaz eta Meaberen aurka. Irurtzungo bikotea oso sendo aritu zen, akats gutxi eginez eta jokoan nagusitasun osoa erakutsiz. Azkenean, 22-8eko emaitzarekin, Salaberria anaiek finalaurrekoetarako txartel lortu zuten.
Azken unerarte borrokatutako finalaurdena
Irribarriak eta Balerdik emozioz betetako garaipena erdietsi zuten Etxeberria eta Bernaolaren aurka, 22-21. Partida maldan gora hasi zitzaien irabazleei, sei tantoko desabantaila izatera iritsi baitziren. Hala ere, 18na berdintzea lortu zuten. Berriz ere Etxeberria eta Bernaola aurretik jarri ziren (21-18), garaipenetik tantu bakarrera, baina ez zuten partida itxi asmatu. Irribarriak asmatu egin zuen amaieran eta Balerdiren atzeko laguntzarekin, lau tantoko takada bati esker, partida eta sailkapena poltsikoratu zituzten.
Hurrengo hitzorduak
Txapelketak ez du etenik eta apirilaren 28an hirugarren final-laurdenak jokatuko dira:
- Promesak: Etxabe-Okiñena (Bergara-Buruzgain) vs Madina-A.Etxeberria (Intxurre-Tolosa)
- Seniorrak: Igoa-Sotil (Irurtzun-Larraun) vs Cestau-Elorz (Behar Zana-Upo Mendi)
Garaileek maiatzaren 19ko finalaurrekoetarako txartela lortuko dute. Gogoratu jaialdiak 19:30ean hasten direla Udal pilotalekuan.