Alebin mailako igeriketa txa-pelketa jokatuko da bihar, zapatua, 15:30ean hasita, Bergarako Agorrosin kiroldegian. Hitzordua Gipuzkoako Igeri Federazioak eta Bergarako Igeri Elkarteak elkarlanean antolatu dute, eta sarrera doakoa izango da ikusle guztientzat.
Arratsaldeko jardunaldian hainbat proba jokatuko dira: estiloko 400 metrokoa, estiloko 100 metrokoa, bular estiloko 100 metrokoa eta estilo libreko 50 metrokoa. Antolatzaileen arabera, 60 igerilari inguruk hartuko dute parte, Gipuzkoako hainbat taldetatik etorrita. Parte hartuko duten kluben artean izango dira Aloña, Eibar, Izarraitz (Azpeitia), Zubiaurre (Azkoitia) eta etxeko taldea, Bergara. Alebin mailari dagokionez, 2013an eta 2014an jaiotako igerilariek osatzen dute kategoria. Bergarak hemeretzi igerilari izango ditu.
Asier Perez Bergarako igeriketa taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, ez diote "garrantzi handirik ematen txapelketari; azkenean, gehienbat, lehenesten dugu igerian ondo ikastea eta kirol horretan maila txukuna hartzea, inongo presiorik gabe. Lehiatu ahal den hobeen eta, batez ere, ondo pasatu eta disfrutatu egin nahi dugu".
Entrenatzaileak nabarmendu duenez, etapa horretan emaitza baino gehiago prozesua da garrantzitsua. "Maila horretan ez diogu errendimenduari begiratzen. Garrantzitsuena da umeek igeriketaz gozatzea, teknikoki hobetzen joatea eta pixkanaka kirolarekiko ohitura osasuntsuak garatzea", adierazi du.
Bestalde, Perezek azpimarratu du igeriketak kirolaz harago doazen balioak lantzeko aukera ematen duela. "Guk erakusten dugu igeriketa kirol bat dela, ondoren euren bizitzarako aplikagarria izango dena. Igerilariekin diziplina lantzea eta esfortzuaren balioa barneratzea", azaldu du. Ildo horretan, talde-lanean, konpromisoan eta eguneroko ohituretan jartzen dute arreta: "Kirolak ematen dituen balioak, talde-lana, konpromisoa eta errespetua bultzatzen ditugu kategoria guztietan, eta bereziki adin horretan, oinarriak finkatzeko garaia delako". Aurrera begira, Perezen esanetan, prestakuntza progresiboa da giltza.