Bergarako Udalak 'Gandik' proiektua martxan jarri du

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 22a

(Argazkia: Pixabay)

Bergarako Udalak Gandik izeneko proiektu berria jarri du martxan, "tokiko ekonomia indartzeko eta arlo digitalean euskararen erabilera sustatzeko". Parte hartzen duten merkatariek aukera izango dute beren negoziorako euskarazko webgune propioa sortzeko, guztiz doan. Izena emateko epea apirilaren 30ean itxiko da. 

Proiektua elkarlanean garatuko da Eusko Jaurlaritzarekin eta Puntueus Fundazioarekin, eta herriko merkatariei zuzenduta dago. Udalaren arabera, aukera paregabea da tokiko merkataritzarentzat kosturik gabe digitalizatzeko eta Interneten presentzia indartzeko. Lehentasuna saltokiek izango dute, baina interesa duen edonork eman dezake izena. 

Ekimenaren berezitasun nagusietako bat da webguneen sorrera Bergarako DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleen esku egongo dela, irakasleen gidaritzapean. Ikasleek merkatariekin elkarlanean jasoko dute beharrezko informazioa eta, ondoren, webgunea diseinatuko dute modu pertsonalizatuan, euskaraz. Horrela, gazteek tokiko dendak gertutik ezagutuko dituzte, eta merkatariekin harreman berriak eta lotura sendoak sortuko dituzte. 

Parte-hartzaileek hainbat abantaila jasoko dituzte: webgune erabilgarri eta egokitua, .eus domeinua eta ostatatzea lehen urtean doan, eta baita kudeaketarako laguntza ere. Proiektuaren amaieran, negozio bakoitzak bere webgunea eta hura kudeatzeko beharrezko tresnak eskuratuko ditu.

Lehentasuna saltokiek izango dute, baina interesa duen edonork eman dezake izena. Izena emateko epea apirilaren 30era arte egongo da zabalik, eta formulario bitartez egin beharko da. Eskariak aurreikusitakoa gainditzen badu, zozketa bidez erabakiko da parte-hartzea. Ondoren, informazio-bilera bat egingo da proiektuaren xehetasun guztiak azaltzeko. Informazio gehiago behar duenak, Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak