Nerabezaroen osasun mentala lantzeko gurasoentzako tailerra antolatu du Bergarako Udalak

Olaia Milikua 2026ko apirilaren 22a

(Argazkia: Pixabay)

Bergarako Udalak ongizate emozionalaren esparruan egiten ari den lanketaren barruan, gurasoei zuzendutako tailer bat antolatu du apirilaren 29an, osasun mentala eta nerabezaroa ardatz hartuta. Bihar arte dago izena emateko aukera. 

Joan den urrian lehen hitzaldia eskaini zen gai honen inguruan, eta bertaratu ziren familiek jarraipen-saio baten beharra azpimarratu zuten. Horiei erantzunez, oraingoan tailer formatuko saioa antolatu du Udalak. Tailerra Ortzadar erakundeak gidatuko du. DBH 1. eta 2. mailako ikasleen gurasoentzako tailerra izango da. 

Tailerrean nerabezaroen osasun mentalarekin lotutako gai desberdinak landuko dira: osasun mentalaren definizioa, ezegonkortasun emozionala, gatazken kuadeaketa eta detekzio goiztiarra. Horrez gain, nerabeak laguntzeko aholku praktikoak emango dira.  

Tailerra apirilaren 29an egingo da, Irizar jauregian, eta parte hartzeko hiru ordutegi aukera izango dira: 10:00etatik 12:00etara, 15:00etatik 17:00etara eta 17:30etik 19:30era. Parte hartu ahal izateko, aurrez izena eman behar da galdetegi baten bidez. Galdetegia betetzeko azken eguna apirilaren 23a izango da. Ordutegi bakoitzean gutxieneko parte hartzaile kopurua osatzen duten taldeekin egingo da aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak