Dolmenen Ibilbidean aurkitutako pieza arkeologikoak ikusgai daude Aroztegin

Julen Murua Mesonero 2026ko apirilaren 21a

Apirilaren 26ra arte egongo dira ikusgai piezok; aurretik Elgoibarren jarri zuten erakusketa eta ondoren Soraluzen egongo da.

Elgoibar, Bergara eta Soraluze artean kokatzen den Dolmenen Ibilbidean egindako indusketa arkeologikoetan hainbat pieza aurkitu zituzten, eta dagoeneko ikusgai daude Aroztegi aretoan. Gaur, hilak 21, azken urteotan ikerketetan parte hartu duten Miriam Cubas (historiaurreko zeramikan aditua), Ignacio Montero (arkeometalurgian aditua), Francisco Etxeberria (antropologia fisiko eta forentsean aditua) eta Monica Ruiz Alonso (ikatzaren eta hazi karbonizatuen analisian aditua) ibili dira solasean. Ekimenaren helburua da "eskualdeko ondare megalitikoa herritarrengana gerturatzea eta historiaurreko ondarea balioan jartzea".

Gorka Artolak adierazi du geografikoki gertu dauden herriak "are gertuago" daudela orain egiten ari diren bidearekin", eta nabarmendu nahi izan du eskualdetik gertu "halako altxor bat" izatea.

Dolmenen Ibilbidea erakusketako argazkia.

Balio handiko aurkikuntza

Indusketa lanetan lortutako emaitzen "informazio baliotsua ematen dute historiaurreko komunitateen bizimoduari buruz: haien elikaduraz, teknologiari buruz, beste komunitateekin izan zituzten harremanez edota euren ohiturez", eta Aranzadiko Zientzia Elkarteko koordinazio batzarkide Juantxo Agirrek dioenez, "erakusketa honekin demostratzen da oraindik dolmenen ibilbidean ikerketarako aukerak badaudela, teknika eta ikuspegi berriak erabiliz. Erakusketan ikusgai dauden material arkeologiko guztiak bertako trikuharrietan aurkitutakoak dira, bai orain dela 100 urteko indusketetan eta baita gaur egunekoetan. Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko herriei egin duten esfortzuaren ordain eta eskertza bezala ikusten dugu erakusketa hau".

Kutsu didaktikoa

Debabarreneko Garapen Agentziako (Debgesa) Turismo eta Garapen Jasangarriko arduradun Aitziber Cortazarrek dio, erakusketa herrietan dagoen bitartean, Lehen Hezkuntzako ikasleek "bisita gidatuen bidez" ezagutu ahalko dutela erakusketa. Gainera, Dolmenen Ibilbidera bisita gidatua ere egingo dute maiatzaren 2an, zapatuan. Ekintza guztiak doakoak dira eta egitaraua ikus daiteke hemen.

Erakusketa zabalik

Aroztegiko erakusketa zabalik egongo da hilaren 26ra arte honako ordutegi hauetan:

  • Asteartetik, ostiralera: 18:00-20:30.
  • Zapatuetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30.
  • Domeketan eta jaiegunetan: 12:00-14:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak